Jende uholdea batu du "Egunkaria"k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 20a, 02:55

Milaka eta milaka lagun, 30.000tik gora, Deia.com-en arabera, bildu ziren atzo Bilboko kaleetan "Euskaldunon Egunkaria"ren, auziperatuen, adierazpen askatasunaren eta euskararen alde. Esaterako, martxa Zabalburura heldu zenean, atzekaldekoak oraindik Aita Donosti plazatik irten gabe zeuden. Gauzak horrela, Joan Mari Torrealdaik auziperatu guztien izenean eskertu zuen herritarrek emandako "berotasuna", nahiz eta "euskara bera eraso zutelako eta hizkuntzarekin batera euskaldunok eraso gintuztelako" izan orain dela zazpi urtetako eta gaurko manifestazio jendetsuak. Era berean, "ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten" azaldu zuen Torrealdaik. Baina, euskalgintzaz kanpo, bestelako epaiketa politikoak izan zituen hizpide, tartean Galder Bilbao "Txapi" eta beste hamabi lagun pasa den ostiralera arte izan zutena: "'Egunkaria'-ko auzipetuokin batera beste hamahiru gazte eta euren lagun zein senitartekoak aurkitu ditugu egunotan Auzitegi Nazionalean, haiek ere epaiketa bati aurre egiteko prest. Hotz berdina egiten zuen han denontzat. Bihoakie gure besarkada. Eta bihoakie bereziki elkartasunezko gure besarkada, laster batean gu bezala epaituko dituzten Udalbiltzako kideei ere". Manifestazioa zuzenean jarraitu ahal izan zen egunkarialibre.info-ren bitartez, eta bertan daude jasotako bideo eta audio guztiak. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Manifestazioan zehar makina bat aurpegi ezagun ikusi ahal izan dira. Besteak beste: Juan Jose Ibarretxe, Jose Antonio Ardanza eta Carlos Garaikoetxea EAEko lehendakariak; EAJko Iñigo Urkullu, Joseba Egibar, Andoni Ortuzar, Josune Ariztondo eta Markel Olano; ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Amparo Lasheras, Joserra Etxebarria, Arantza Urkaregi eta Tasio Erkizia; Eusko Alkartasuneko Peio Urizar, Jesus Mari Larrazabal eta Maiorga Ramirez; Ezker Batuko Mikel Arana; Aralarreko Jon Abril eta Mikel Basabe; Hamaikabateko Iñaki Galdos; Alternatibako Oscar Matute; ELAko Adolfo Muñoz; LABeko Ainhoa Etxaide; CCOOko Unai Sordo; Elkarriko Paul Rios; Kontseiluko Iñaki Lasa; AEK-ko Edurne Brouard; EHBEko Iñaki Murua eta Maialen Lujanbio; Ikastolen Elkarteko Koldo Tellitu; Behatokiko Paul Bilbao; Laura Mintegi, Kirmen Uribe, Joan Mari Irigoien eta Anjel Lertxundi idazleak.


Joan Mari Torrealdaik irakurritako auziperatuen komunikatua:

Adiskideok, arratsalde on!

Eguraldiak eman ez diguna zuek eman diguzue, zuen presentzia erraldoiarekin, zuen beroarekin. Horregatik arratsalde on.

Eskerrik asko, Bilbora etorri zareten guztioi. Eskerrik asko etorri nahi eta ezinean geratu zareten guztioi ere.

Hemen gaude guztiok. Egunkariak biltzen gaitu. Bildu beharra dauka herri honek.

Madrilgo Auzitegi Nazionaletik iritsi berriak gara.

Hotz handia egiten du han. Eta egun hotz honetan, ziur naiz ondo ulertzen duzuela zertaz hitz egiten ari naizen. Manifestazio honetan bildu garen guztiontzat egiten du han hotz handia.

"Egunkaria"ko auzipetuokin batera beste hamahiru gazte eta euren lagun zein senitartekoak aurkitu ditugu egunotan Auzitegi Nazionalean, haiek ere epaiketa bati aurre egiteko prest. Hotz berdina egiten zuen han denontzat.

Bihoakie gure besarkada. Eta bihoakie bereziki elkartasunezko gure besarkada, laster batean gu bezala epaituko dituzten Udalbiltzako kideei ere.

Adiskideok, hotz handia egiten zuen duela zazpi urte ere Guardia Zibilek Madrilgo Tres Cantos-eko kuartel nagusira eraman gintuztenean. Bide bazterrak elurturik ikusten genituen zirrikituetatik, burumakur, autoetan sartuta abiada bizian eraman gintuztenean. Hotza egiten zuen bakarturik, ostikoka eta irainka ibili gintuzten leize-zulo ilun hartan. Gutariko batzuentzat kartzela ere etorri zen gero.

Hotz handia, zazpi urte hauetakoa ere.

Zuen guztion berotasunagatik izan ez balitz, euskal gizarte zabal eta askotarikotik, gu geu bezalako herritar arrunten aldetik, erakunde sozialetatik, sindikatuetatik, alderdi politikoetatik, instituzioetatik, adierazi zaigun beroagatik izan ez balitz, honezkero gogortuta geundekeen ahazturaren zoko beltzean.

Horren ordez, aste honetan bertan burua ondo goian dugula agertu gara Madrilgo Auzitegi Nazionalean.

Ez gure gogoz. Duela zazpi urte bezala, gure borondatearen aurka. Baina zuei esker, burua ondo altxata oraingoan.

Eta horrela joan eta itzuliko gara urtarrilean zehar, ezarri diguten egutegiaren arabera. Zuei esker, burua goian dugula.

Mila esker, guztioi, beste behin ere. Mila esker, zelan edo halan babesten gaituzuen euskal herritar guztioi eta bakoitzari. Gure eta gure familien izenean, mila esker Euskal Herria!

Ez da gugatik. Badakigu zergatik izan zen: euskara bera eraso zutelako eta hizkuntzarekin batera euskaldunok eraso gintuztelako; munduan euskara hutsean argitaratzen zen egunkari bakarra eraso zutelako; euskal herritarrari izaera, nortasuna, ematen dion euskara, euskal herritarrak maite duen euskara, jipoitu zutelako... horra zergatik esan zuen euskal jendarteak nahikoa da, aski da, duela zazpi urte. Eta orduko moduan orain ere.

Horregatik diogu gaur, ozen, mundu zabalak entzuteko moduan: "Egunkaria libre!".

Ez dugu nahi gure aurkako zigorrik. Ez dugu nahi gure aurkako zigorraren bitartez euskalgintzaren aurkako zigorrari bidea etorkizunean ireki diezaioten.

Absoluzioa da injustizia eta bidegabekeria zuzentzen hasteko aukera bakarra.

Ez dugu Justiziarik espero, ordea. Jada ez. Justiziak, gure absoluzioaz gain, kalteen ordaina eta txikizio honen errudunak akusatuen aulkian zigortzea eskatuko luke. Ez dugu hori espero. Baina gutariko bakoitza eta guztion absoluzioa baino gutxiago den ezer ez dugu ontzat emango.

Adiskideok, amaitzeko, "Egunkaria" librea zelako itxi ziguten.

"Egunkaria" sortzeko libertatea hartu genuelako zigortu gaituzte zazpi urte hauetan.

Ez dadila berriz ere antzeko bidegabekeriarik gerta!

Euskaldunok, euskal herritarrok, libre bizi nahi dugu, "Egunkaria" libre izango den Euskal Herri librean.

Eskerrik asko, eta aurrera!

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga "Euskaldunon Egunkaria"-ko auziperatuak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun