Lehenengo ikerketen arabera, ostiralean izan ziren gertaerak, 18:00ak aldera, anai-arreba biak etxean zeudela. Dirudienez, lapurtzeko asmoz sartu ziren baserrira hainbat ezezagun. Bizilagunei eskuak lotu ere egin zizkieten eta, ondoren, ihes egin zuten; zer edo zer eraman zuten argi ez dagoen arren. Hainbat lekukotasun ere jaso ditu Ertzaintzak eta etxebizitza zein inguruak ikuskatu ditu. Bitartean, bertara hurbildu da Getxoko guardia-epailea, hilotza altxatu eta beharrezko izapide judizialak abiatzeko.
Abuztuan ere lapurreta eta kolpeak
Urdulizko baserri batean lau lapur sartu ziren —haietatik bi adingabeak—, eta dirua eta bitxiak ostu zituzten abuztuaren 17an, Herrizaingo Sailak orduan zabaldu zuenez. Gainera, lapurretaren unean etxean ziren 70 eta 83 urteko anai-arrebei eraso egin eta zauriak eragin zizkieten. Ertzainei deitu zieten haiek, eta Urdulizko erdialdean topatu zituzten ustezko lau lapurrak. Eskuargiak, eskularruak eta dirua zeramatzaten. Lau kideetatik hiru aske utzi zituzten, eta bestea kartzelatu egin zuten.