Aurtengo zenbakiekin konparatuz, murrizketa nabarmena dakarte aurrekontu berriek: 2009an 41.641.624 euro izan dira; 2010erako, berriz, 35.403.068 euroko kontuak aurreikusten dituzte. Batez ere, gastu arruntean izango du eragina horrek, Udalkutza zein udal tasa eta zergetatik eratorritako diru sarrerak txikiagoak izango direla kontuan hartuta. Dagoeneko tasak eta zergak bere horretan uztea erabakia du Erandioko Udalak. Joseba Goikouria alkatearen arabera, "doitze-aurrekontua dugu" bihar eztabaidatuko dutena: "krisialdiak gutxiago daukatenei ez eragitea da helburua", tokiko agintariak dioenez. Horretarako, Gizarte Ekintzarako partida handitu eta udal zerbitzuen (zarama bilketa, kale-garbiketa, herri barruko autobusa, lorezaintza...) maila mantenduko dute. "Inolaz ere ez dugu nahi eragin ez duten krisialdia herritarrek ordaintzea. Bidegabekeria litzateke izango dugun diru-sarreren murrizketa udal tasak eta zergak igoz arindu nahi izatea", Goikouriaren arabera.
Gastu soziala
Udal iturriek emandako datuen arabera, gastu sozialean %3koa izango da igoera: 2009ko 4.329.664 euroetatik, 2010eko 4.460.748 euroko kopurura. Hala ere, Erandioko PPk ez du horren argi ikusten. Ruizek aipatu duenez, "kontu berriek ez dute kontuan hartzen, orain gertatzen den bezala, gizarte larrialdi laguntzetarako Eusko Jaularitzak emandako dirua motz geratzen bada, Udalak berak falta dela jartzea". Tokiko popularrek hainbatetan eskatu dute hori. Bestalde, INEMeko zerrendetan 1.500 erandioztar daudela mahaigaineratu du Ruizek: "38 lagun laneratzea baino ez dute lortu Udalak sustatutako ekimenek", gaineratu duenez.
Inbertsioak
Inbertsioen atalari dagokionez, horretarako diru-kopuruan %15,23eko murrizketa emango dela ez du inolaz ere ezkutatu Erandioko Udalak; PPk zein PSE-EEk jaitsiera hori "larritzat" jotzen duten arren, batez ere herriguneetatik urrunago dauden auzoak onera ekartzeko proiektuei dagokionean. Oposizioko alderdi biek aipatu dituzte Erandio Landak eta Lutxanak behar dituzten hobekuntzak. Horretaz gain, ondokoak zerrendatu ditu Erandioko PPk: Altzaga eta Astrabudua arteko konexioa, Kukularrako eraikin soziokulturala, Tartangako hirigintza egitasmoa, Arriaga zein Asuako eskolak, Martiartuko dorrea eta Altzagako udal azokaren konponketa lanak. PSE-EEk, berriz, honako hauek aipatu zituen: Udaltzaingorako egoitza Astrabuduan eta etxez aldatu beharreko Altzagako familientzako alokairu-funtsa, hurrenez hurren. Hala ere, oposizioko alderdi baten zein bestearen zentzua ez da berdina izango.
Bihar onartuko dituzte aurrekontuetan, 5.391.000 euro erabiliko dituzte inbertsioetarako (2009an, 12.160.581 euro izan dira). Besteak beste, baserri-eremuetako estolderia eta saneamendu sareak konpondu (850.000 euro) eta Altzagako liburutegi eta udal agiritegi berriak egokituko (1.000.000 euro) dituzte.