Urtzi Paul Larrea gazte algortarra atxilotu du gaur, 17:15ean, Espainiako Polizia Nazionalak, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Getxoko familiako etxetik bere andrearekin autoa hartzera irten denean, poliziak bidea moztu, Espainiako Auzitegi Nazionaleko agindua zutela esan eta eraman egin dute. "Familiakoek ez dakite nora eraman duten. Izan ere, Getxoko auzitegian ezer ez dakitela esan diete, eta espetxera eraman aurretik, Bilboko polizia-etxera eraman dutela pentsatzen dute, edo beharbada agindua eman duen, edo horren izenean jardun duen epaitegira", azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak.
Pauli 5 urteko espetxe zigorra ezarri zioten joan zen urtean. "Kale borrokako ekintza batean parte hartzea leporatu zioten, Ertzaintzak torturapean sinarazitako deklarazioetan oinarrituta", AAMk salatu duenez. 2004ko urrian atxilotu eta urte bat bete zuen, espetxealdi prebentiboan. Epaiketaren ostean, zain zegoen noiz betearaziko zioten zigorra. Argazkian, mobilizazio bat Algortan.