Uxerre baserrian ostiralean izandako lapurretaren ostean, ez ohiko osoko bilkura egin du gaur goizean, 10:30ean, Urdulizko Udalbatzak. Bertan adostu eta publiko egindako adierazpenean, tokiko agintariek "irmoki" gaitzetsi dute, "bihozmin sakonetik eta, amorrua eutsirik",
Ansoleaga sendiak jasandako erasoa; "gure lagun eta auzokide Felisaren heriotza ekarri duena". "Une gogor eta latz hauetan, familia eta gertukoei dolumina agertzea baino ez zaigu gelditzen. Halaber, euren alboan izango gaituztela eta, ekintza anker hau zigorgabe geratu ez dadin, gure esku dauden bitartekoak jarriko ditugula jakinarazi nahi diegu", gaineratu dutenez. Halaber, Urdulizen ertzain gehiago jartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari, "biztanleria barreiatuta bizi dela eta udaltzainik ez dagoela kontuan izanda". Azkenik, hiru dolu egun deitu dituzte, banderak haga erdian jarriz. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea, Getxon emandako prentsaurreko batean.