Espainiako Polizia Nazionalak atzo atxilotu zuen Urtzi Paul Larrea gazte algortarrak gose grebari ekin dio. Protesta horri heltzeko arrazoia izan da gaur Basauriko espetxera eraman dutenean preso arrunt batekin jarri izana. Gaur iluntzean, Algortan 100dik gorako auzokide bildu dituen manifestazioaren ostean
jakinarazi du egoera (mp3) Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Zabaldu dutenez, atzo 17:30ean atxilotu zuten Urtzi Paul, etxetik irteten zenean emaztearekin batera eta handik Bilboko Indautxuko Komisarian garraiatu zuten. Bertan egon da gaur goizeko 12ak arte. Ondoren, epaitegira eraman dute paperen bat hartzeko eta handik Basauriko espetxera sartu dute, ziega berean "preso arrunt" bat egokituz. Paulek "hori ez duela onartzen" eta isolamenduan sartzeko eskatu du baina ezetz esan diote. Hori dela eta, gose grebari ekin dio. Gainera, senideei jakinarazi dienez, "asteburuan horrela jarraitzen badu egarri greban" ere jarriko da. Paul iaz jarritako 5 urteko espetxe zigorra betearazteko atxilotu zuten. Berak eta epaitutako gazte guztiek
salatu zuten "torturen bidez deklarazioak sinatzera behartu" zituela Ertzaintzak. Argazkian, manifestazioa egiten zen bitartean, Ertzaintzak Xabi de la Maza espetxeratutako gorliztarraren aldeko pankarta bat kendu eta eraman du Algortako Telletxe kaletik. "Atxilotuak askatu. Euskal gazteria aurrera! Ta segi aurrera! Xabi etxera" zioen plastikoak.