Getxoko PPk atzo aurkeztu zituen
EAJren Gobernu Taldeak landutako aurrekontuei aurkeztuko dizkion zuzenketak. Ezustekorik ez badago, gaurko udal osoko bilkuran onartuko dituzte behin-behinekoz. Izan ere, Luis Almansa Getxoko PSE-EEko bozeramaileak orain bi aste iragarri zuen
bozketan abstentzioaren hautua egingo dutela (Europa Press, espainolez), "garai latz hauetan, oposiziotik, erantzukizunez eta herritarren hobe beharrez jokatuz". Hala ere, Manu Basanta Alternatiba alderdiko zinegotziaren boza ere erabakigarria izan daiteke, udal aurrekontuak onartu edo ez onartzeko. Joan den ostiralean ere prentsaurrekoa eman zuten Marisa Arrue eta Eduardo Andrade tokiko popularren ordezkariek. Horretan, Almansak buru duen alderdiarentzat izan ziren hitz gogorrenak: "berriro ere gezurretan ari zaie herritarrei Getxoko PSE. Gezurretan zebiltzan hauteskundeetara EAJ paretik kentzeko aurkezten zirela esan zutenean. Gezurretan zebiltzan, hauteskunde-emaitzen ostean, alkatetzan aldaketa ahalbidetuko zutela esan zutenean. Eta gezurretan dabiltza orain, abstenituko direla dioten arren, guztiok dakigulako datorren asteazkenean (gaurko udal batzarrari buruz) PSEk EAJren aurrekontuen alde bozkatuko duela, berriro ere frogatuz eurei botoa ematea zaramara botatzea izan zela", adierazi zuen Arruek. PSEkoak jelkideen "morroitzat" jo ostean, "boz baliagarri bakarra" popularrena dela gaineratu zuen Getxoko PPren bozeramaileak, "baldin eta hurrengo udal hauteskundeetan EAJ kanporatu nahi badugu". Argazkian, Jesus Toca, Marisa Arrue eta Eduardo Andrade Getxoko PPren ordezkariak aurreko prentsaurreko batean.