Uribe Kosta eta Erandion barrena ibiliko da bihar Olentzero

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 23a, 13:41

Hamabi hilabete luze itxaroten egon ostean, gau berezia izango da biharkoa Euskal Herriko neska-mutil guztientzat; baita hain txiki ez direnentzat ere. Bapo afaldu eta gero, lozorroan sartu eta, eguna argitzean, orduan hasiko dira arineketak eta komeriak. Hala ere, afaldu aurretik, abestu eta jolasteko aukerarik ez zaie faltako txikienei. Izan ere, bazter guztiak irribarrez eta algaraz gainezka izango dira, Olentzeroren bisitarekin. Uribe Kosta eta Erandion, dagoeneko Lutxana, Goiherri, Arriaga eta Kukularrara egin du lehenengo bisita ikazkinak; eta gaur Leioan eta Erandio Landan daukagu. Hala ere, Eguberri egunera arte itxaron beharko dute txikiek euren opariak zabaltzeko. Bitartean, bihar, Leioara bueltatzeaz gain, falta zaizkion eskualdeko herriak bisitatuko ditu Olentzerok. Argazkian, Olentzero eta Mari Domingi Sopelan barrena / © Sopelana.net.

Olentzero herriz herri:

Algorta

12:00-14:00 Puzgarriak, hankapaluak, haurrentzako jolasak eta Olentzero panpina eta gutunak bidaltzeko postontzia, Telletxen. Gainera, fruitu lehorrak banatuko dituzte plazara hurbiltzen direnen artean.
17:00 Villamonten hasiko da Olentzeroaren kalejira. 19:30erako Portu Zaharrean izango da eta 20:00etan erreko dute.

Altzaga

18:00 Irailaren 23a plazatik abiatutako kalejira, Gautxoriak Taldeak, Altzaga Ikastolaren Gurasoen Elkarteak eta Erandioko Gazte Asanbladak antolatuta. Ibilbidea: Mitxelena, Txinboak, Obieta, Benjamin Anaia, Txorierri, Vega, Obieta, Tartanga, Jado, Jesus Aranburu eta Irailaren 23a.
20:00 Antzezpena eta suaren inguruan dantzak.

Areeta

11:00 Olentzero, perretxiko, fosil eta abarren erakusketak, haurrentzako tailer batzuekin batera, Eskoletako plazan. Ordu berean erromeria hasiko da, txistulariek, trikitilariek, albokariek, txalapartariek eta dultzaineroek alaituta.
11:45 Juan Manuel Etxebarriaren “Gabonetako euskal ohitura eta ipuinak”, Eskoletako plazan.
12:15 Berantzagi dantza taldearen emanaldia, Eskoletako plazan.
13:00 Bertso saioa Algortako Bertso Eskolaren (ALBE) eskutik, Eskoletako plazan.
14:00 Gabonetako otarraren zozketa.
18:30 Berantzagi taldearen dantza emanaldia eta Olentzeroaren kalejira, betiko ibilbidearekin. Amaitzeko erre egingo dute.

Astrabudua

18:30 Olentzeroren kalejira Ignazio Aldekoa plazatik abiatuta. Txakurzulo, Alkone, Kontsulatua, Etxegorri eta Aldaieta kaleak zeharkatu ondoren, Mendiguren plazan amaituko da. Aipatu lekuan, umeentzako jarduerak eta tailerrak izango dira, Trabudu Dantzari Taldeak antolatuta.

Berango

12:00 Tor magoaren ikuskizuna, Berangoeta kultur etxean.
18:30 Aipatu kultur aretotik irtengo da Olentzero buru izango duen segizioa, frontoiraino. Bertan egingo diote harrera. Gainera, Olentzeroren jatorria zein den jendeari erakusteko antzezpena ere egingo dute pilotalekuan.

Getxo

17:00 Olentzeroaren kalejira kiroldegian hasita.
19:15 Kalejiraren amaiera Malakaten, sua eta txokolate janarekin.

Gorliz

18:00 Kalejira Iberrebarritik abiatuta. Olentzerorekin batera kalez kale joan nahi duenak baserritarrez jantzita agertu beharko du.

Itzubaltzeta / Romo

13:00 Trikitilarien kalejira.
14:30 Herri-mokadua, San Jose elizako arkupeetan
17:30 Olentzeroaren kalejira.
19:30 Dantzen erakustaldia eta Olentzero erretzea.

Lamiako

17:00 Metroren geltokian, Txikiak Txiki dantza taldeak antolatuta.

Leioa

17:00 Elexalde errotatik abiatutako kalejira, Leioako kultur elkarteek antolatuta. Ibilbidea: Elexalde errota, Bulebarra, Sabino Arana, Luis Bilbao Libano, Euskal Etxeen plaza, Bulebarra, Errekalde plaza eta Kultur Leioa.
18:30 Harrera Kultur Leioan.

Plentzia

18:30 Kalejira dantza talde, jentil, sorgin, idi eta ardiekin, zubitik abiatuta.
19:15 Olentzero antzezpena Eleiz plazan.

Sopela

17:00 Larrabasterrako Urgitxieta plazatik abiatuko da Olentzero. Ondoren, Iberre Zubia igaro eta Etxebarri zeharbidea; eta Zubigane, Landabe eta Sabino Arana kaleetatik igaro ostean, udaletxean amaituko da ibilbidea.

Urduliz

18:00 Antzinako futbol zelaiko aparkalekutik abiatuko da Olentzero. Hasieran, asto gainean joango den arren, idiek tiratutako gurdira igoko da gero, herria zeharkatzeko, trikitilariez eta Andra Mari elizako haur-abesbatzaz lagunduta. Antsonekoa plazan geldituko da, guztiak kantu kantari aritzeko. Ondoren, udaletxeko plazaraino jarraituko du segizioak, bertan Olentzerok txikien eskaerak entzuteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun