Gazte Asanblada Sopeloztarrak Sopelako Lizarre auzoko (metro geltokiaren atzekaldean) Sekeko errota okupatu eta bertan gaztetxea zabaldu zuen pasa den larunbatean, hilak 19. Sekeko gaztetxea antzinako errota eta korta banak osatzen dute eta azpiegitura "oso egoera onean" dagoen arren, gazteek "lan eskerga" izaten ari dira dena garbitu eta txukuntzeko. Hori dela eta larunbatean auzolanak abiatu zituzten eta lan egiteko prest dagoen gazte orori bertatik pasatzera gonbidatu diote. GASeko kideek atzo Koska irratiko "Gazte Uhinak" irratsaioari
azaldu bezala (mp3), ez da azken asteotan okupatzen saiatu diren eraikin bakarra. Izan ere, aurretik bi saiakera egin dituzte, azkena Larrabasterran. Bertan, "urte luzez inork erabiltzen ez zuen etxe bat" ikuskatzen aritu ziren abenduaren 12an, baina hurrengo egunerako jada Ertzaintzak lurrak hartu eta jabearen ordezkari batek etxea eta lursaila hormatu zituen. Argazkian, Sekeko gaztetxea barrutik / ©
Txorimalo gaztetxea.