Joan den astean egindako kontsumismoaren aurkako jardunaldien harira, ondoko idatzia plazaratu zuen Algortako Gazte Asanbladak:
Kapitalismoa suntsitu!
Erosi, erosi eta erosi. Gabonak datoz eta erosi egin behar da. Gaur egungo gizarte honek, kontsumoaren gurpilean harrapaturik, erosketetan eta kontsumo masibo irrazionalean bilatzen du zoriontasuna. Asetzen ez garenez, kontsumitzeko nahia ez da eteten. Baina ondo pentsatuta, erosi eta kontsumitzen dugun guztia behar al dugu? Produzitzen dugun zabor guztia sortu behar al dugu? Eta jarri al gara pentsatzen inoiz horrek eduki ditzakeen ondorioetan?
Algortako Gazte Asanbladak beste gizarte eredu batean sinetsiz, kontsumismo honetatik ihes egiteko hautua egin du. Gauzen berrerabiltzeko aukera azpimarratu nahi du, produzitze-kontsumo neurriak jaitsi, eta bide batez amalurraren baliabideak errespetatuz.
Energiaren erabilpena ere neurriz kanpokoa da, Gabonetako argien kontsumoa esaterako. Guzti honen aurrean zer esan badaukagula uste dugunez, gure kontsumitzeko modua eta jarrera hobetu dezakegula badakigu. Beraz, Txorimalo gaztetxeak antolatutako ekitaldietan parte hartzeko gonbita luzatzen dizue. Guztiok batera kontsumismoa apurtu!