Bitartean, espetxeetan emandako azken gertaerak salatu ditu Etxeratek, tartean Igor Gonzalez Sola preso bilbotarraren bere buruaz beste egiteko saiakera. Abenduaren 18tik 23ra gertatutakoen artean, Jon Bilbao Moro Asuako euskal preso politikoak larunbateko bisita galdu zuela adierazi du Etxeratek. "Bere bikotekidea epaitegira joan zenean bertako funtzionarioen isekak, barreak eta umiliazioak pairatu behar izan zituen. Horiek horrela, ez zioten salaketa bertan jartzen utzi eta Euskal Herrian jarri du", salatu du presoen senideen elkarteak. Salamancako Topas espetxera joandako Iñigo Otazua "Oti" algortarraren eta Patxi Aristiren zumaiarraren bikotekideek ezin izan zuten aurrez aurrekoa burutu eguraldi txarra zela eta. Atzo ziren aurrez aurrekoa egitekoak, 16:00etan, baina "eguerdiko ordu biak aldera, Burgoseko ordainlekutik 20 kilometrotara kotxea geratu behar izan zuten, bertan elurtea zegoelako", azaldu du Etxeratek.
Itxialdiak
Bestalde, Herrera de la Manchan (Ciudad Real, Espainia) bi eguneko "txapeoa" egin dute aste honetan. Izan ere, larunbatean, Gorka Martinez, Carlos Cristobal, Pakito Lujanbio, Mikel Askasibar eta Pablo Gorostiaga presoek bisak galdu zituzten. Espetxe horretan daukate Aimar Hidalgo algortarra. Galizia aldeko Curtis-Teixeiro kartzelan ere bi eguneko "txapeoa" egin dute. Besteak beste, bertan da Sergio Polo sopeloztarra. "Pasa den larunbatean, Curtiseko preso politiko guztien senideek, espetxe sarreran jarria zegoen Guardia Zibilaren kontrol zorrotz batetik pasa behar izan zuten espetxera iritsi bezain pronto", salatu dute presoen familiarrek.