Euskal Herriko Mus Txapelketa abiatuko da bihar eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 26a, 14:45
Euskal Herriko Mus Txapelketa abiatu zuten pasa den abenduaren 12an Leitzan. Bihar, igandearekin, baina, lehen aldiz helduko da Uribe Kostara, Itzubaltzeta / Romora, alegira. Hordagozaleen hitzordua Branka Herriko tabernan izango da, arratsaldeko 16:30ean. Bertan, Getxo udalerri osorako kanporaketa jokatuko da. Leioari dagokionez, urtarrilaren 9an, larunbata, jokatuko da bertako kanporaketa, Ganeko tabernan, arratsaldeko 16:00etan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Berangoko sailkapen partidak ere data jakina dauka dagoeneko. Urtarrilaren 16an izango da, larunbata, Sei Herri herriko tabernan, arratsaldeko 4:30ean. Uribe Kostako beste udalerrien kanporaketak oraindik zehazteke daude. Partida bakoitzetik, jokatuko duten bikoteen arabera, bat, bi , hiru edo lau bikote sailkatuko dira herrialdeko kanporaketarako, otsailean Durangon jokatuko dena. Txapelketaren finala Seguran izango da, martxoaren 20an. Musaren olinpiada Orreaga eta Iparra-Hegoa elkarteek eta Bai Euskal Herriari ekimenak antolatu dute. Besteak beste, AEK, "Berria", "Gara", "Deia" eta Info7 irratiak laguntzen dute. Argazkian, mus partida bat Itzubaltzetako jaietan.
Euskal Herriko Mus Txapelketaren oharra:

Gauza jakina da gure herrian mus txapelketa franko egiten direla beraz, ezin esan dezakegu ezer berririk sortzera gatozenik.

Mus txapelketak herriz herri antolatu ohi dira eta gure egitasmoaren helburua ez da txapelketa horiek ordezkatzea, baizik eta indartzea. Lagun taldeek, tabernek edo elkarte ezberdinek antolatu ohi dituzte mus txapelketak eta normalean bestelako egitasmoak finantziatzeko helburuarekin antolatu ohi dira.

Azken urteetan, Euskal Herri osoan zehar zabaltzeko borondatearekin antolatu izan diren txapelketak sustatu dituzte Orreaga elkartetik eta Iparra-Hegoa elkartetik, azken elkarte honekin elkarlanean aritu izan da Bai Euskal Herriari ekimena.

Egun Euskal Herriak bizi duen zatiketa gainditu eta oinarri gisa zazpi herrialdetako muslariak elkar topatzeko helburuarekin bat egin dugu Orrega, Iparra-Hegoa eta Bai Euskal Herriari ekimenak. Gainera irabazi asmorik gabe, bide horretan jarraituko duen tresna sortzea dugu helburu.

Tresna berriak izan behar duena zehazteaz gain, izena ere jarri diogu: Euskal Herriko Mus Federazioa eta emeki emeki bere sorreran pauso garrantzitsu bat izango da Euskal Herriko Mus Txapelketa.

Euskal Herriko Mus Txapelketa honekin hordago argi bat mahai gaineratu nahi diegu Euskal Herriko muslariak zatiturik ikusi nahi dituztenei. Bide honetan, zatiketaz gaindik, ditugun muga mental, kultural, ekonomiko eta politikoez gaindik, lurraldeen arteko harremana sendotu eta hartu emanak josteko helburua dugu.

Txapelketa garrantzitsua bada ere, ezberdintasunak gainditu eta zazpi herrialdetako muslariak mahai beraren bueltan jarri eta harremanak sendotzea da lortu nahi duguna.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun