Hatortxurock jaialdia, bere 7. ediziotik aurrera urtarrilean izan da eta 11. edizioan ere urteko lehen hilabetea aukeratu dute berau egiteko; bestalde, iazko esperientziaren ondoren, "Hator, hator neska mutil etxerat" lelopeko festibala egun bakarrekoa izango da berriro ere, oraingoan urtarrilaren 9an, larunbata, eta oraingoan ere bi karpa izango ditu. Kontzertuak 18:30ean hasiko dira eta “entre-cementerios” ezizenez ezagutzen den Atarrabia eta Burlata arteko gunean egingo dira. "Azken 5 urtetan, Hatortxurock jaialdia Berriobeitiko herrian burutu dugu, baina berriro ere arrazoi ezberdinengatik gure kokalekua aldatzeko beharrean ikusten gara", azaldu dute antolatzaileek. Bide batez, Berriobeitiko herriari eskerrak eman dizkiote, "bost urte hauetan egin digun harreragatik eta jarri dizkigun erraztasun guztiengatik". "Eta noski, eskerrak emateko orduan, ezin dugu ahaztu Atarrabiako herriak proiektu honetan jarritako konfiantza. Mila esker Atarrabia", gaineratu dutenez. Aurtengo Hatortxurock jaialdian S.A., Def Con Dos, Ken Zazpi, Obrint Pas, Bizardunak, Goar Cicatriz, Boikot eta Trikidantz taldeek joko dute. Sarrerek 20 euroko prezioa izango dute, aurrez erosita, eta 25 euro leihatilan bertan. Txartelak Leioako Kurkudi tabernan eros daitezke; baita
Internet bidez ere, urtarrilaren 5era arte. Argazkian, Hatortxurocken 10. edizioaren irudi bat / © Hatortxurock.