Getxoko Udalak eta
ADIMAC elkarteak hitzarmena sinatu berri dute, 2009-2010 ikasturtean, adimen-errendimendu handiko ikasleen sustapena jomuga duen eskolaz kanpoko proiektua gauzatzeko. ADIMAC irabazi-asmorik gabeko erakundea da eta aipatu eremuan ekintzak garatzeko ezagutzak eta gaitasunak baditu, tokiko iturriek zehaztu dutenez. “GAR-Adimen-errendimendu Handiko Taldeak: Adin txikiko gaitu eta gaindohatuekin esku-hartzea” delako proiektuaren elkarte koordinatzailearekin, INTERACekin, lankidetza hitzarmena dauka. Egitasmoak hainbat helburu ditu: batetik, gaitasun handien gaineko ekintza informatiboak eta dibulgatzaileak egin. Bestetik, ikasteko gogoa duten udalerriko adin txikikoen adimen gaitasunak garatu. Eta, azkenik, arlo horretan, bai beren familiei, bai ikastetxeei, aholkularitza eskaini. Hartara, ADIMACek udalerriko ikastetxeei jardueraren berri eman eta, aipatu taldeak osatu aurretik, herritarrei zuzendutako hitzaldiak egiteko konpromisoa hartzen du. Getxoko Udalak, bere aldetik, 7.000 euro emango dizkio ADIMACi ikasturte honetan, ikasle talde bati bideratzeko diru hori, eta ADIMACek familiei 20 euro kobratuko dizkie hilero neska edo mutiko bakoitzeko, zerbitzuaren kostuari aurre egiteko. Argazkian, Begoña Ezkurra Hezkuntza zinegotziak eta Idoia Revilla ADIMACeko presidenteak sinatu zuten hitzarmena, joan den asteazkenean / © Getxo.net.