Getxoko Udalak emandako datuen arabera, ia 3.000 lagun igaro dira jada
Romo Kultur Etxea izeneko udal eraikin berriaren proiektuari buruzko erakusketa ikustera. "Joan den abenduaren 15ean publikoarentzat zabaldu zenetik eta atzo, astelehen eguerdira arte, asteburuko egunetan 500 bat lagun eta lan egunetan 100 bat pasa direla uste da. Astean zehar Romoko eta Areetako auzokideak hurbildu dira gehien eta asteburuetan udalerriko beste auzoetako bizilagunak", zehaztu dutenez. Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan eraikiko dute kultur aretoa eta, erakusketa bera, aipatu plazan Getxolandiarako jarritako karpan egongo da ikusgai, urtarrilaren 5era arte. Ordurako proiektua ikustera 5.000 pertsona pasatzea aurreikusten dute tokiko arduradunek. Erakusketa horretan bertan beste proiektu batzuk ere ezagut daitezke, tartean, Getxo Antzoki berria, Biscaytik Gune Teknologiko berria edo metroaren lurperatzea. Ordutegia ondokoa da: 11:00etatik 14:00ak arte eta 17:00tatik 21:00ak arte. Ondoren Santa Eugenia eraikineko gela batean jarriko dute. Argazkian, ondoko itxura izango du Romo Kultur Etxeak.