Getxoko Udaltzaingoak H.F.M. inizialak dituen polizia-aurrekaririk gabeko 69 urteko gizona atxilotu du, sexu abusu delitua egin duelakoan. Atzo goizean dei bat jaso zuen Tokiko Poliziak aurreko egunotan Getxolandiako karpetara dibertitzera joan ziren adingabe batzuei ukituak egin zizkien gizon bat zegoela ohartarazteko, udal iturriek zabaldu dutenez. Ustezko erasotzailea berriro ikusi zuten aipatu Areetako gunean eta Gabon hauetan merkataritza guneak zaintzen dabiltzan udaltzainak karpara bertaratu ziren. Xake plazan, gizon bat atrakzioetako ilaratan adin gabeko nesken taldeen atzean jarri eta hainbat ukitu egiten zizkiela ikusi zuten, polizia arduradunek diotenez. Neskek egindakoa aurpegiratu zioten. Horren aurrean, Keltse Eiguren Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak gertaera gaitzetsi eta gogoratu du “emakumeok eta bereziki adin gabeko neskek kaletik aske ibiltzeko eta hirian eta kaleetan dauden jarduerez disfrutatzeko duten eskubidea, baita ez dutela mota horretako erasoak zertan jasan behar ere”. Argazkian, Getxoko udaltzain bat motor gainean.