Aurtengo desfilean, ohi bezala, Errege Magoen karrozak izango dira eta, horiekin batera, beste gai batzuetan oinarritakoak (Santa Klaus, jaiotza biziduna, Mickey Mouse…). Karrozetan hiru erregeen morroiak eta mozorrotutako bidaiariak izango dira, gozokiak ikusleei botatzeko. Gainera, fantasiako tren batek eta, giroa alaitzeko, bi fanfarrek eta beste 200 pertsonek (bertoko taldeak, Udaltzaingoa, Gurutze Gorriko kideak, boluntarioak...) parte hartuko dute ikuskizunean.
Baina, Getxo udalerrian ez ezik, Uribe Kosta eta Erandioko gainontzekoa herrietan ere izango da Errege Magoen kabalgata. Besteak beste, Astrabuduan, Altzagan, Berangon, Lamiakon, Leioan eta Sopelan egongo da zertaz gozatu.
Astrabudua
Gazte Unamaz Elkartuak taldeak antolatuta, Bilboko Kontsulatua kaletik abiatuko da kalejira, 18:00etan.
Altzaga
Erandioko Kabalgataren Lagunak elkarteak antolatuta, Jado ikastetxetik abiatuko da kalejira, 18:30ean.
Berango
Errege Magoen kabalgatak itxiko du, urtarrilaren 5ean, Gabonetako egitaraua Berangon. Ekialdeko Erregeak kultur etxetik frontoira joango dira, segizioarekin batera, 19:30ean. Bertan, harrera egin eta txokolatada izango da guztientzat. Hala ere, aurretik, goizeko 11:30etik 13:30era errege kotilioia izango dute 1997 eta 2006 urteen artean jaiotako umeek Berangoetan. Aldez aurretik eman behar da izena.
Lamiako
Lamiakoko Jai Batzordeak antolatuta, 18:00etan abiatuko da kalejira metro geltoki ondotik. 19:00etan, berriz, Lamiako Antzokian egingo diete harrera Errege Magoei.
Leioa
Leioako Merkatarien Elkartearen laguntzaz, 18:30ean egingo diete harrera Errege Magoei, Kultur Leioan.
Sopela
Urtarrilaren 5ean, Errege Egun bezperan, desfile tradizionala egingo da Sopelako kaleetan zehar. Irteera 18:00etan izango da, Larrabasterrako Urgitxieta plazatik. Ondoren, Iberre Zubia igaro eta Etxebarri zeharbidea; eta Zubigane, Landabe eta Sabino Arana kaleetatik igaro ostean, udaletxean amaituko dute ibilbidea.