Efe albiste agentzia espainolaren iturriak aipatuz kaleratu berri du, duela minutu gutxi batzuk,
Berria.info agerkariak, Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin duela Etxerat euskal presoen senideen elkarteak Bilbon larunbat honetarako antolatutako
manifestazioa. Efe-k gaur arratsaldeko seiak aldera eman du horren berri, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriak aipatuz. "Euskal presoak Euskal Herrira dagozkien eskubideen alde" lelopean dira manifestazioa egitekoak (Aita Donostia plaza, 17:30). Dagoeneko hainbat eragile politikoren eta zibilen babesa jaso du deiak: ELA, LAB, EILAS, Aralar, ezker abertzalea, EA, hainbat idazle, EHUko hainbat langile, hainbat bertsolari eta medikuntza arloan diharduten bi elkarterena. Legezko elkartea da Etxerat. Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, ordea, iragarria du hura legez kanpo uzteko saioak egingo dituztela, eta egin ditu horretarako lehen pausoak. Argazkian, Auzitegi Nazionaleko artxiboko irudia / cc-by
Roberto Garcia.