Etxeratek "bere esku dauden ahalegin guztiak" egingo ditu Bilboko karriketan "benetako elkartasun uholdea" irudikatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 30a, 22:45

"Ez gaude bakarrik eta gure senide eta lagun presoak ere ez ditugu inolaz ere bakarrik utziko". Horrela erantzun dio Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak, Dignidad y Justicia taldeak eskatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak larunbaterako Bilbon deitutako manifestazioa debekatu izanari. Erakundeak azaldu duenez, "milaka atxikimendu lortu ditugu azken asteetan. Benetako elkartasun uholdea antolatu dugu. Euskal Herriaren bihotza astindu, hunkitu eta mugiarazi dugu. 5.000 atxikimendutik gora lortu ditugu". Izan ere, euskal jendarteko esparru guztietara iristea lortu dute: sindikalgintza, politika, musika, literatura, bertsolaritza, goi mailako kirola, arte eszenikoak, zinea, enpresa mundua, teknologia berriak, komunikazioa edo osasungintza alorreko profesional eta pertsona ezagunek euren atxikimendua eta babesa eskaini baitiete. Gauzak horrela, Etxerat elkarteak garbi utzi dio euskal jendarteari, "bere esku dauden ahalegin guztiak" egingo dituela "Bilboko karriketan benetako elkartasun uholde bat irudikatzeko". Argazkian, "Adierazpen askatasuna" aldarrikatzen duten kartelak Ertzaintzaren jazarpenaren aurka, azaroaren 27an, Itzubaltzeta / Romon.

Urgentziaz plazaratutako prentsa oharrean, larunbateko manifestazioaren debekua "senide eta lagun presoen kontrako oldarraldi errepresiboaren baitan" kokatu du Etxeratek. Ildo horretan, "euskal jendartearen gehiengoaren iritzia eta nahiaren aurka" joatea egotzi dio Auzitegi Nazionalari. "Oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aurka, biltzeko eskubidearen aurka, adierazpen askatasunaren kontra hartutako neurri errepresibo arrotz eta antzua da", euskal preso politikoen senideek salatu dutenez.

Irakurri Etxeratek zabaldutako prentsa oharra:

Euskal presoak Euskal Herrira dagozkien eskubideen jabe!

Etxerat elkarteak bere kezka adierazi nahi du gaur Espainiako Entzutegi Nazionalak hartutako erabakiaren aurrean. Dignidad y Justicia taldeak eskatuta, datorren larunbaterako, urtarrilak 2, “Euskal presoak Euskal Herrira dagozkien eskubideen jabe” lelopean deitutako manifestazio nazionala debekatzea erabaki baitu. Euskal jendartearen gehiengoak bere egiten duen leloa hain zuzen ere.

Euskal jendartearen gehiengoaren iritzia eta nahiaren aurka, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aurka, biltzeko eskubidearen aurka, adierazpen askatasunaren kontra hartutako neurri errepresibo arrotz eta antzua da. Etxeratetik, neurria gure senide eta lagun presoen kontrako oldarraldi errepresiboaren baitan kokatzen dugu.

Euskal preso politikoen eskubideen urraketak ez du etenik eta senide eta lagunon aurkako jazarpenak ere ez. Sakabanaketa politikak 20 urte bete dituen honetan; senideon kontrako eraso zuzenak, intoxikazio mediatikoak, argazkien kontrako gurutzada deitoragarria, Etxeraten balizko legez kanporatzearen mehatxua eta senide eta lagunen kontrako katxeo eta umiliazio saiakerak ezagutu ditugu.

Testuinguru horren baitan dator urtarrilak 2ko manifestazio nazionalaren debekua. Izaera politikoa duten neurriak judizialki legitimatzeko talde ultren beharra duen Estatua. Eskubideen urraketa etengabe bat ikustezin bilakatzeko saiakera berri baten aurrean gaude.

Euskal jendartearen gehiengoak argi hitz egin du. Euskal Herriko gehiengoa osatzen duten eragile sozial, sindikal eta politikoek argi mintzatu dira ere: Euskal preso politikoen eskubideak errespetatuak izan behar dira.

Milaka atxikimendu lortu ditugu azken asteetan. Benetako elkartasun uholdea antolatu dugu. Euskal Herriaren bihotza astindu, hunkitu eta mugiarazi dugu. 5.000 atxikimendutik gora lortu ditugu. Euskal jendarteko esparru guztietara iristea lortu dugu: Sindikalgintza, politika, musika, literatura, bertsolaritza, goi mailako kirola, arte eszenikoak, zinea, enpresa mundua, teknologia berriak, komunikazioa edo osasungintza alorreko profesional eta pertsona ezagunek euren atxikimendua eta babesa eskaini baitigute.

Ez gaude bakarrik eta gure senide eta lagun presoak ere ez ditugu inolaz ere bakarrik utziko. Etxerat elkarteak garbi utzi nahi du eta garbi adierazi nahi dio euskal jendarteari, bere esku dauden ahalegin guztiak egingo dituela Bilboko karriketan benetako elkartasun uholde bat irudikatzeko. Bada ordua euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko eta bada garaia egun indarrean dagoen espetxe politika kriminalak suposatzen duen bortizkeria iturri eta xantaia amaigabearekin amaitzeko.

Euskal presoak etxera!

Euskal Herrian, 2009ko abenduaren 30an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun