Abenduaren 26an "bat-batean eta arauz kontra" onartutako
udal aurrekontuak baztertzea eskatu zuen atzo Koldo Martinez
Berangoko Ezker Batuaren zinegotziak. Horretaz gain, parte-hartzean oinarritutako aurrekontuak egiteko batzordea sortzea galdegin zuen EBko ordezkariak, berau "Hirigintzako Aholkularitza Kontseiluarekin koordinazioan arituko dena". Martinezek adierazitakoaren arabera, azaroaren 23ko Ogasun Batzordeko bileran aurkeztu zuen Udalak hilaren 26ko osoko bilkuraren gaien zerrenda: "bi egun beranduago izandako aipatu batzordeko bigarren deialdian, hau da, udal batzarra baino egun bat lehenago, nabarmenki aldatu zuten aurrekontuen zirriborroa", gaineratu duenez. Gauzak horrela, horien onarpena "bertan behera" geratzen dela uste du Ezker Batuak, "gutxienez, Udal Arautegi Organikoaren hiru artikulu urratu dituztelako". "Osoko bilkura deitzeko gutxieneko epeari, gaien zerrendan zer edo zer gehitzeko batzordean kontsultatzeari eta udal batzarrerako dokumentazioa eskura jartzeko gehienezko aldiari dagozkionak", Martinezen arabera. Argazkian, Anabel Landa Berangoko alkatea / © Berango.net.