Espetxe politika "hiltzailearen" kontra larunbatean Bilbon manifestazioa egitera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko abe. 31a, 15:51

Burujabetzaren aldeko bost alderdik euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazio berri bat deitu dute larunbaterako. Izan ere, atzo Etxerati emandako debekuaren aurrean, Jon Lasa Alternatibako Donostiako zinegotziak, Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoak, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta Mertxe Colina Abertzaleen Batasuneko ordezkariak (argazkian, ezkerretik eskuinera) deialdia egin dute Donostiako hotel batean 13:30ean eman duten prentsaurrekoan. Haiek antolatutako mobilizazioa ere Bilbon izango da: “Dagozkien eskubideen jabe, Euskal Presoak Euskal Herrira” lelopean, 17:30ean hasiko da, Jesusen Bihotza plazatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo emandako debekua "adierazpen askatasunaren aurkako" neurritzat jo dute EAk, ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta ABk, eta Espainiako Estatuak "Euskal Herriaren kontrako estrategia" daukala salatu dute. Argazkia: © Aralar.

Prentsaurrekoan irakurri den adierazpena:

Gaur hemen bildu garen alderdi politikook, bizi dugun larritasun egoeraren aurrean ondokoa agertu nahi diogu Euskal Herriko gizarteari:

Audientzia Nazionalaren debekua adierazpen askatasunaren eta biltzeko eskubidearen urraketa zuzena da. Eta gainera, Euskal Herria ukazio egoeran mantentzeko ongi diseinatutako Estatu estrategiaren baitan kokatzen dugunez, Abertzaleen Batasunak, Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak datorren larunbaterako Bilbon nazio manifestazioa egitera gonbidatzen ditugu Euskal Herriko herritar guztiak. Deialdia, arratsaldeko 17:30etan izango da Jesusen Bihotzaren plazatik, “Dagozkien eskubideen jabe, Euskal Presoak Euskal Herrira” lelopean.

Indarrean dagoen espetxe politikak sufrimendu arrasto luzea utzi du Euskal Herrian. Milaka dira espainiar eta frantziar Estatuetako espetxetatik baldintzari kaxkarrenetan egon izan direnak. Euren eskubideak behin eta berriz zapalduak izan dira.

Sakabanaketa, Bizi Osorako Zigorra, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ez askatzea, isolamendua, bakartzea, mehatxuak, kolpeak, irainak, jipoiak, komunikazioen bortxaketa etengabea edo leku-aldatze erabat arbitrarioak eguneroko ogia dira euskal preso politikoentzat.

Guztiok dakigu senideek bizi duten errealitatea ere, gero eta gordinagoa bilakatzen ari dela. Beraien aurkako erasoek gora egin dute azken hilabeteetan. Kontrolak bidaietan, mehatxuak, irainak, beraien senitartekoen argazkiak erakusteko debekua eta azkenik espetxeetako atarian pairatuarazi nahi dieten tratu umiliagarria eta ez legala “katxeo por palpacion”. Guzti hau gutxi balitz, astebururo milaka lagun heriotzaren korridore etengabe batean sartzen ditu sakabanaketak. 40 minutuko bisita bat egiteko, edozein errepide bazterretan bizitza galtzeko arrisku bizian.

Egoera honekin amaitzeko garaia da. Euskal jendarteak egunerokoan ematen diren oinarrizko eskubide urraketa hauekin amaitu behar du. Guztion artean izugarrizko elkartasun uholdea eraiki behar dugu urraketa guzti hauekin amaitzeko.

Argi utzi behar baitiegu euskal preso eta euren senide eta lagunen aurka jotzeak, euskal jendartearen bihotzaren aurka bete betean jotzea suposatzen duela.

Guztion artean, guztiok konpromisoak hartuz helduko da indarrean dagoen espetxe politika kriminalaren amaiera. Goazen bada, elkartasun uholde hori indartzera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun