Ertzaintzak 33 urteko emakumezko bat atxilotu zuen Urte Zahar egunean, ostegunean, Erandion.
Herrizaingo Sailak zabaldu duenaren arabera, andrak lan egiten zuen enpresan lapurtutako txeke batzuk kobratu zituen eta, hori dela eta, atxilotu eta maula delitua leporatu diote. Izan ere, abenduaren erdialdean, Getxoko enpresa bateko gerenteak eramaile-txeke batzuk lapurtu zizkiotela salatu zuen. Gainera, jakinarazi zuenez, bere enpresako bulego batzuetatik beranduago kobratu ziren taloi horiek. Egiaztatu ahal izan zuenaren arabera, txekeak kobratzeko bere sinadura faltsutu zuten eta 60.000 euro baino gehiago iruzur egin zizkioten. Salaketa jarri ondoren Poliziak ikerketa bat martxan jarri zuen. Beranduago, enpresa horretan garbiketa lanak egiten zituen emakume bat lapurretaren egilea izan zitekeela ondorioztatu omen zuten. Emakume horrek txekeak banketxe desberdinetan kobratu zituela egiaztatu ei zuen Ertzaintzak eta, hortaz, ostegun arratsaldean atxilotu zuen.