Adin txikiko bost gazte atxilotu zituen Getxoko Udaltzaingoak Getxon Urte Berri egunean, ostiralean. Getxoko Udalak zabaldutako bertsioaren arabera, atxilotuek eta identifikatutako beste sei gaztek Getxoko ikastetxe batean "indarra erabiliz lapurreta batean parte hartu" ei zuten. Atxiloketa eta identifikazioak urtarrilaren 1eko arratsaldean abiatu ziren, 20:00ak aldera, Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroan Getxoko Andra Mari herri ikastetxeko alarma piztu eta horren berri izan zutenean. Ikastetxera hurbildutako udaltzainek gaztetxo talde handi bat ikusi zuten eskola barrutik ihesean, Galearako bidea hartuta. Era berean, atariko ateko kristala apurtuta zegoela nabaritu zuten. Gaztetxoak geroago aurkitu eta haietako bost atxilotu egin zituzten udaltzainek. Bost horiek, beti ere udaltzainen arabera, "ikastetxean ostutako hainbat gauza, disko gogor bat, gitarra bat... zeramatzaten aldean". Adin txikiko guztiak Bilboko bizilagunak dira eta euren gurasoen eskuetan utzi zituzten, eta era berean, gertatutako guztiaren berri eman zioten epaitegiari.