Sei pertsona atxilotu dituzte eta, epaiketa arinen bitartez, auzibidean jarri dituzte, bide segurtasunaren aurka delituak egin dituztelakoan, abenduaren 30eko gaua eta urtarrilaren 3ko goizalde artean Getxoko Udaltzaingoak egindako alkoholemia kontroletan. Beste zortzi gidariri salaketa jarri diete administrazioaren aurrean, baimendutako alkoholemia tasak gainditzea egotzita, udal iturriek gaineratu dutenez. Salaketa horientzat, Zirkulazioko Araudi Orokorrak 302 eta 602 euro arteko isunak aurreikusten ditu, baita gidabaimeneko 4 edo 6 puntu kentzea ere. Epaitegiei dagozkie zigorra ipintzea atxilotutako gidariei. Guztira, 104 izan dira alkoholemia-testa egin duten gidariak (83 gizonezko eta 21 emakumezko). Atxilotutako guztiak gizonezkoak dira eta administrazioaren aurrean salatu dituztenetatik bi emakumeak dira, tokiko arduradunek zehaztu dutenez. Eman duten alkohol tasarik handiena litroko 0,80 miligramokoa izan da, baimendutakoaren hirukoitza baino gehiago. Urtezahar-gauean gertatu zen hori. Argazkian, Getxoko Udaltzaingoaren koordinazio zentroa.