Algortako San Nikolas plaza inguruetan "segurtasunik eza" eragin dute Getxo Antzoki berria altxatzeko lanek, bertako auzokideen arabera. Obrak hasi zirenetik, "hainbat eraso eta lapurreta emateaz gain, beste saiakera ugari" izan direla salatu dute. Horiek guztiak jasotzen ari da (antzokisiperoasino[abildua]gmail.com) San Nikolas Auzo Elkarteak, inguruari "segurtasuna itzultzeko ekintzak abiatu aldera". Hala ere, ez dute zehaztu zeintzuk liratekeen horiek. Bitartean, "egoera gordetzea, edo zehatzago esan beharko genuke, gertaeren aurrean ezkutatzea" leporatu diete tokiko agintariei auzotarrek. Aipatu dutenez, orain gutxi ezezagunek emakume gazte bati "lapurtu eta era basatian eraso egin zioten", San Nikolas plazan jarritako pasabideetan barrena zihoala. "Txakurrak lagundutako beste auzokide batek ekidin zuen gaizkileek euren helburua lortzea" gaineratu dutenez. Hala ere, atxilotuak izan ostean, "neskaren harriduraren aurrean, epaitegiak askatu egin zituela" eta "libre eta edozein unetan erasotzeko prest" daudela salatu du San Nikolas Auzo Elkarteak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!