A. Mendizabal eta J.M. Campillo: "Irakasle kaleratuekiko setakeria"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 5a, 13:11

Antton Mendizabal eta Jose Miguel Campillo - "Berria"] Kezka eta mina sortzen dizkigu unibertsitateko agintariek Leioako campuseko irakasle kaleratuekiko erakusten ari diren portaerak. UPVtik kanporatu zituztenetik 18 urte betetzear daudela, ulertezina egiten zaigu unibertsitateak haien eskariei irteera justu eta duinik ez eskaintzea, campuseko atarian egunero egotera behartuz. Lan-gatazken iraupen marka guztiak ari dira hausten. Haien adorea eta jarraikitasuna medio, duten konbentzimenduaren indarra, printzipioen irmotasuna eta helburuen maila erakusten ari zaizkigu. Argazkian, Antton Azkargorta (bigarrena ezkerretik) eta Jose Luis Herrero (eskuman) irakasle kaleratuak bi laguntzailerekin. Biek eta Enrique Lopez hirugarren kaleratuak aspaldi ez dute batera agerraldirik egiten.

Eskatzen dutena lasai asko har dezake bere gain instituzio unibertsitarioak, legediaren barruan baitago eta lan-eskubide oinarrizkoei baitagokie. Gogora ekarriko ditugu, laburki: oraindik berronartuak izan ez diren hiru irakasleak onartzea; emandako eta ordaindu gabeko eskolen ordainketa; antzinatasunaren onarpena, Irakasleri Propioaren borrokan egin duten ekarriagatik eta beraiek erabat bidegabetzat duten despidoaren konpentsazio modura.

Unibertsitateko agintariei eta bertako kolektibo desberdinei gogorarazi beharrean gaude instituzio unibertsitarioak irakasle hauekin kitatu behar duen zor handia hartua duela. Izan ere, irakasle hauek era berezi eta erreferentzialean egin dute lan gaur egun UPVk bere lantaldean lan-kontratudun irakasleria izan dezan. Horrek irakasle kopuru handi batentzat egonkortasuna eta lan-hobekuntzak ekartzeaz gain, tresna ezin hobea osatzen du etorkizunera begira irakasleen lantaldea gure herriaren behar zientifiko eta kulturaletara hobeto egokitzeko. Ezin ahantz daiteke halaber, irakasle kaleratuek erkidego autonomoari eta unibertsitateari berari egindako ekarria irakasleen arloan eskuduntza arauemaileak zabaldu eta sakontzearen alde. Eta hori guztia, ohi ez bezalako sakrifizio pertsonala ordainduta, herria maite dutelako eta ardura etiko eta politikoagatik egin dute.

Horrexegatik egiten zaigu horren bitxia sindikatuek eta unibertsitateko beste kolektiboek gatazka luze honen konponketan hain interes eskasa agertzea. Are gehiago, kontuan hartzen badugu une honetan jokoan dauden arazoak soil-soilik lan-esparrukoak direla, eta horregatik hain justu haien ardurapean sartzeko modukoak.

Unibertsitateko agintariek despedituekin negoziazio prozesu egoki bat hasteko soilik interpreta dezakegu mendeko korporatibo modura.

Badirudi urte luzeetan bizitza unibertsitarioa astindu zuen gatazka luzearen errautsek oraindik dutela erretzeko ahalmena. Ematen du sektore batzuek ez dutela oraindik irentsi unibertsitarioek borroka eginez behinola ezinezkotzat jotzen zena gaur komunitate unibertsitarioak goza dezakeen errealitate bihurtu dela. Agian horrek argi dezake arazo hau behin betiko, konpontzearen aurka irrazionalki tematze hori, gatazkaren funtsa, aspaldian ebatzita gelditu zen eta.

Gogoratu nahi dugu bide batez irakasle kaleratuen aldeko erresistentzia-kutxa badagoela. Honetan parte hartu nahi dutenek edo soilik elkartasuna adierazi, Jon Azkargortarekin jar daitezke kontaktuan 946 014 261 telefonoan, edo laguntza honako kontu honetan eman:

2095 0360 1091 0864 2061

Kaleratuetako batzuk familia-arazo larriak jasaten ari diren une honetan zuen laguntza zein elkartasuna behar beharrezkoak dituzte eta zinez eskertuko dizuete haiek eta sostengu batzordean gabiltzanok.

Gure gizarte borrokalari eta kontzientziatuak ez lituzke utzi behar honelako egoerak denboran luzatzen.

Antton Mendizabal eta Jose Miguel Campillo EHUtik kaleratutako irakasleen laguntza-batzordeko kideek gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun