Trebakuntza zein jolaserako ikastaro eta ekimenak antolatu dituzte Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 5a, 13:28
"Gazteei erakargarriak zaizkien ikastaroak eta ekintzak" eskaintzeko asmoz, urtarrilaren 18an abiatuko ditu jarduera berriak Berangoko Udalaren Gazteria Arloak, tartean heziketarako ekimenak zein jolastekoak diren beste batzuk izango direla. "Egungoak bezalako krisialdi garaietan, berebizikotzat jotzen dugu enplegua bilatzearekin lotutako gaiak irakastea, teknologia berriek ematen dituzten aukerak erakustea edota desiratua bezain beharrezkoa den lanpostu baterako bideak zabal ditzakeen trebakuntza eskaintzea", azaldu du Anabel Landa alkateak. Hala ere, bestelakoak ere izango dituzte neska-mutilek: perkusioa, modu ekologikoan gidatzeko ikastaroa, "street aerobic"-a, Photoshop eta Andy Warhol-en inguruko monografikoa, besteak beste. Urtarrilaren 13ra arte egongo da zabalik ikastaroetan izena emateko aukera, Berangoeta zein Santa Anako kultur etxean; eta zozketa hilaren 14an egingo dute, 18:00etan, Berangoetan. Udalak ez du zehaztu ikastaroetatik zeintzuk izango diren euskaraz eta zeintzuk espainolez. Argazkian, lana bilatzen erakutsiko diete gazteei Berangon / cc-by SOCIALisBETTER.
Praktikotasuna da ikastaro eta ekintza berrien oinarrietako bat. Besteak beste, enplegu eskaintza bati erantzuna ematen, curriculuma egiten, lan elkarrizketa bati aurre egiteko teknikak eta etengabean trebakuntzen joateko dauden baliabideak erakutsiko dizkiete 18 eta 35 urte bitarteko pertsonei. Urtarrilaren 18an hasiko da ekainera arte luzatuko den zur lanketa tailerra; baita "Lana non bilatu: lanpostua bilatzeari aplikatutako teknologia berriak" izenburuko beste bat ere. Azken hori, bi jardunaldietako ikastaro azkarra izango da, 19:00etatik 21:00etara. Hain zuzen ere, trebakuntza zein lana bilatzeko ikastaro guztiak izango dira iraupen laburrekoak eta tartekakoak, interesatuta daudenek guztietan izena eman ahal izateko. Gauzak horrela, "Lan eskaintza bati nola erantzun eta curriculuma zelan egin" izenekoa, urtarrilaren 25etik 27ra izango da; etengabeko trebakuntzaren ingurukoa, otsailaren 9an; eta "Lan elkarrizketa bat arrakastaz nola igaro" lelopekoa, otsailaren 23tik 25era.

Musika, dantza, ekologia...

Urtarrilaren 19tik martxoaren 30era, perkusio ikastaroa emango dute. Ingurumena zaintzearen aldeko jarrera praktikan jarri ahal izango dute gazteek, modu ekologikoan gidatzeko bi ikastaroetako bakoitzaren bitartez; urtarrilaren 23an eta otsailaren 13an, hurrenez hurren. Urtarrilaren 21etik ekainaren 24ra, berriz, "street aerobic"-a emango dute. "Hasiera bateko hartu-emana baino ez dira eskaintzen ditugun ekimenak. Gerora, egingo diren ekimenak gazteek eurek proposa ditzatela gura dugu", aipatu du Ane Miren Ayo Gazteria Arloko arduradunak. Musika eta dantza ere egongo dira aukeran. Uda aurretik beste ikastaro interesgarri bi izango dira: maiatzaren 3tik 26ra, Photoshop-en bitartez irudiak lantzekoa; eta ekainaren 13an, pop artearen aita Andy Warhol-en inguruko monografikoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun