Kontuan hartuko diren ezaugarrietako batzuk izango dira, besteak beste, jarduera gauzatzeko antolakuntza aldetik egindako ahalegina, giza edota ekonomiaren ikuspuntutik hartuta; getxoztarren artean kirola sustatzerako orduan jarduerak izandako eragina; emakumezkoen kirola sustatzerako orduan izandako eragina edo Udalaren kirol-politikan izandako esku hartze maila (eskola-kiroleko edo "Getxo" marka programatan). Halaber, kontuan hartuko da aniztasunaren trataera, hizkuntzaren normalizazioa, hizkuntza ez-sexista erabiltzea, eta etorkinak eta pertsona desgaituak integratzeko jarduerak sartzea.
Deialdi honetan tresna bat aurkeztu da nobedade gisa, udalerriko kirol erakundeei beren kudeaketaren gaur egungo egoeraren gaineko diagnostikoa egiten laguntzeko diseinatuta dagoena. Horrez gain, epe labur, ertain eta luzera plan estrategikoak garatzen ere lagunduko die. Tresna hori kirol kudeaketaren 9 alderdi nagusitara mugatzen da: erabilitako estrategiak; pertsonak eta lan-taldeak; baliabideak; metodoak; komunikazioa; emaitzen ebaluazioa; genero-politikak, euskararen erabilera eta baita erantzukizun sozial korporatiboa ere. Ebaluazio-prozesua borondatezkoa izango da 2010. urtean eta eskatzen duen erakunde orori emango zaio.
Euskararen sustapena
Halere, eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barnean, 2010 urterako 20.000 euroko diru kontu-saila aurreikusi da 8-12 urte arteko umeen ohiko kirol prestakuntzan euskara sustatzeko. Hartzaileak Getxoko kirol elkarteak eta deialdi orokorrean onuradun bezala aurkeztu ahal diren guztiak dira. Kontuan hartuko da ume kopurua entrenamenduetan; egunean egindako orduak eta entrenamenduen iraupena urtean zehar, edo entrenatzaileen euskara gaitasuna, besteak beste.