Getxoko Udalak hainbat urteetan "B eta bereziki D eredua" sustatu izan ditu, Getxoko PPren kritika gogorren artean. Era berean, 2002an Arartekok Getxoko Udala gogor kritikatu zuen kanpaina horretan Iñaki Zarraoa alkateak gurasoei B eta D ereduen aldeko gutuna bidali izana. Orduan Mertxe Agundez zen jarduneko Ararteko, egun Eusko Legebiltzarrean PSE-EEko legebiltzarkidea dena. Gerora, Getxoko Euskara Zerbitzuak kanpaina aldatu eta A, B eta D ereduei buruzko informazioa zabaldu du.
"D bitamina"
Alkarbidek gaur jakinarazi duenez, Bizkaiko 45 udalerri batu dira ekimen honetan eta urtarrilaren erditik aurrera haurrak D ereduan matrikula daitezela sustatzeko informazio-kanpaina abiaraziko dute. Guztira, 7.600 liburuxka banatuko dira kanpainan zehar, 2-3 urteko haurrak dituzten gurasoek matrikulazio-kanpaina hasi aurretik ezagutu ahal dezaten zer den hezkuntzako D eredua eta zein arrazoi dauden euskara hutsean eskaintzen den eredu hori aukeratzeko.
Informazio-kanpainaren leloa “D bitamina. Aberastu bere heziketa!” izango da. Kanpaina horretan, Uribe Kosta eta Erandioko udalez gain, Arrieta, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Berriz, Bilbo, Enkarterri, Etxebarri, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gordexola, Laukiz, Maruri-Jatabe, Mungia, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierri, Urduña, Zaldibar eta Zierbena ere hartuko dute parte.
Alkarbidek koordinatuko du kanpaina, eta helburua da haurrak lehenengoz matrikulatu behar dituzten gurasoei D ereduaren gaineko informazio gehiago eskaintzea, bai eta euskarazko eredu horrek dituen aukeren gainekoa ere.
“D bitamina. Aberastu bere heziketa!” kanpainako informazio-liburuxkarekin batera, udal arduradun batek izenpetutako gutun bana jasoko dute familiek, euskarazko hezkuntza aukeratzeko arrazoiak azaltzeko. Horrekin batera, haurrentzako oparitxo bat ere jasoko dute etxean: altura-neurgailu bat, haien hazkundea eta bilakaera islatuko duena.