Atxilotze, inkomunikazio eta torturatze arriskuan daude eskualdeko hainbat gazte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 8a, 13:33

Uribe Kosta eta Erandioko hamar bat gazte "edozein unetan atxilotu, inkomunikatu eta torturatuak izateko arriskuan" daude, Kepa Manzisidor abokatuak gaur jakinarazi duenez. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta gazteen abokatuek gaur goizean Algortako Villamonte kultur etxean eman duten prentsaurrekoan (mp3) gogoratu dutenez, "Segiko kidea izatearen akusaziopean 100dik gora dira azken bi urteetan atxilotuak izan diren gazteak". Azken boladan egindako atxiloketen harira "espainiar Poliziak eta Guardia Zibilak, inkomunikazio eta tortura erabiliz, egindako galdeketetan atera dira" Uribe Kosta eta Erandioko neska-mutilen izenak. Horrelakoak berriak ez badira ere Ainara Bakedano iruindarrari egindakoa jauzi handia izan zela gogoratu dute. Antzeko egoeran egonik, "Grande Marlaska epaileak bere bulegoan hartu beharrean, Guardia Zibila atxilotu zezan eta inkomunikatu zezan agindu zion". Ondoren, "gau osoko infernua bizi" zuen Bakedanok eta horri esker "nahi zuten deklarazioa lortu" zutela salatu dute. Defentsa eskubideak Auzitegi Nazionaleko ateak itxita dituela iritzita, errepresioa, tortura eta zigorgabetasun espazioak salatzera deitu dute gazteei babesa emateko bildutako 150 bat auzokidek. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Bestalde, AAMk nabarmendu duenez, orain "torturatuak izateko arriskuan" dauden gazteek egindako jarduera "erabat publikoa izan da", eta herri, gazte eta politika mugimenduetan zein komunikabideetan egindakoa izan da. Orain "inkomunikazioarekin eta espetxearekin zigortua" izan daitekeen lana.

Koska irratiak egindako bideoak:



Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren salaketa:

Orain dela hilabete, espainiar poliziek eta Guardia Zibilak gazte independentisten aurka abiaturiko polizia operazio zabalak ondorio larriak utzi ditu. 30 gazte baino gehiago izan dira espetxeratuak, batzuk baldintzapean aske gelditu dira eta asko dira oraindik bilatze eta atxilotzearen mehatxupean daudenak.

Atxiloturiko gazteek inkomunikazio aldian jasandako tratuak beste behin ere torturaren basakeriarekin aurrez aurre jarri gaitu. Inkomunikazioak iraun zuen garaian torturatuak izan zirela salatu zuten gazteek. Besteak beste, poltsa jarri zieten, buruan arnasarik gabe uzteraino; jo egin zituzten; biluztu; sexualki jazarriak izan ziren; ariketa fisikoak eginarazi zizkieten; mehatxu eta iraindu egin zituzten.

Antzeko operazioetan gertatu izan den bezala, torturaren bidez egindako galdeketetan hainbat izen atera dira operazio honetan ere. Gaur, eskualdeko gazteen izenak espainiar Poliziak eta Guardia Zibilak, inkomunikazio eta tortura erabiliz, egindako galdeketetan atera dira. Gazte hauen izenak espainiar Poliziak eta Guardia Zibilen zerrendetan daude, horrek berarekin dakarren arriskuarekin.

Gazte hauek egin duten lana erabat publikoa izan da. Gazteen eskubideen alde, Euskal Herriaren independentzia bilatuz beraien herri eta auzoetan lan egin duten gazteak dira. Gazte hauen lana erabat agerikoa izan da, eta gaur ere komunikabideen aurrera agertu dira aurpegia emanez.

Baina, Euskal Herrian, agerian egiten den lan politikoa ere torturarekin eta espetxearekin zigortua izan daiteke. Herri mugimenduan, gazte mugimenduan, antolakunde politikoetan edo komunikabideetan egiten den lana, inkomunikazioarekin eta espetxearekin zigortua izan daiteke gurean.

Muga guztiak gainditzen ari den errepresio estrategiaren jomugetako bat da gazteria independentista. Herri honetan aldaketa politikoa eman dadin, estatuek beharrezko dute gazte belaunaldi berriak kolpatzea, isiltzea. Ez da kasualitatea frantziar Gobernuak eta espainiar Gobernuak azken hilabeteetan egindako operazio polizial ugari gazte independentisten aurkakoak izatea.

Horregatik, gazte hauek babestu eta jazarpen guzti hau salatzea ezinbestekoa ikusten dugu.

Azken hilabeteetan, eraso errepresiboen aurrean, mobilizazio handiak burutu dira gure herrian. Milaka izan dira jazarpen guzti honen aurrean "aski da!" esatera kalera atera diren herritarrak. Hori da bidea. Herriz herri, eremuz eremu, errepresioaren aurrean antolatu eta erantzun bateratuak bultzatzea beharrezkoa ikusten dugu. Errepresioa garaitzea beharrezkoa izango da herri honek demokraziarako bidea osorik egin dezan.

Zentzu honetan, errepresio eta jazarpen basatienaren aurrean, jarrera argiak eta konpromiso zehatzak hartzeko deia egiten diegu herri honetako eragile politiko, sindikal eta sozialei. errepresioa jasaten duten herritarrak babestuz, kalean mobilizatuz eta eremuz eremu, jazarpenari aurre eginez lortuko dugu errepresio eta gerra estrategiari bidea ixtea. Bide horretan, lan egiteko deia egiten dugu.

Gazteen abokatuen izenean, Kepa Manzisidorrek irakurritako komunikatua:

Abokatu bezala, gazte hauek pairatzen duten babesgabetasun egoera salatu nahi dugu. Izan ere, haien izena torturapean lortutako deklarazio batean agertze soilagatik, edozein unetan atxilotu, inkomunikatu eta torturatuak izateko arriskuan aurkitzen dira.

Auzitegi Nazionala urrats berriak ematen ari da eta legezkotasun muga guztiak urratuz dabil euskal gazteriaren aurka.

Segiko kidea izatearen akusaziopean 100dik gora dira azken bi urteetan atxilotuak izan diren gazteak. Asko espetxealdi prebentiboan mantentzen dituzte. Askotan salatu izan dugu argia dela operazio guzti hauen atzean dagoen bultzada politikoa. Haien kontrako frogak, DVDak, kamisetak edo zapiak edukitzea; kartelak jartzea edo gaztetxeetan egotea dira.

Baina, esan bezala, azaroan gazteriaren aurka buruturiko sarekadak muga guztiak gainditu ditu.

Euskal Herriko 36 gazte atxilotu eta 45 etxe, gaztetxe eta lokal miatu zituzten; laupabost egunez inkomunikatuta egon ziren Polizia Nazional zein Guardia Zibilaren esku; komisarian kolpeak, poltsa, irainak, mehatxuak, sexu erasoak..., jasan zituzten; eta gu, haien abokatu gisa, lekukotza horien testigu izan gara. Torturatuak izan ziren euren borondatearen aurkako deklarazioak egin arte.

Epailearen aurrean ere konfiantzako abokaturik gabe deklaratu behar izan zuten eta jasandako guztia epailearen aurrean salatu arren, ia guztiak espetxeratuak izan ziren.

Ondorengo egunetan, euren borondatez epailearen aurrera joan nahi izan zuten beste zenbait gazte ere atxilotuak izan ziren Madrilen bertan. Epailearen aurrean borondatez deklaratzeko aukera itxi dute. Egoera hau oso larritzat jotzen dugu.

Egun, ezinezkoa bihurtu dute epailearen aurrean deklaratzea, lehenago atxilotu, inkomunikatu eta torturatu gabe. Inolako legezkotasunik ez daukan neurria da.

Ez da lehen aldia hau gertatzen dela, baina azpimarratzekoa da Ainara Bakedano iruindarrarekin eman duten urrats berria: bere borondatez aurkeztu zen Auzitegi Nazionalean eta, bertan, Grande Marlaska epaileak bere bulegoan hartu beharrean, Guardia Zibilari atxilotu zezan eta inkomunikatu zezan agindu zion. Gau osoko infernua bizi ondoren (poltsa, kolpeak, mehatxuak...) eta eurek nahi zuten deklarazioa lortu ondoren eraman zuten epailearen aurrean deklaratzera.

Auzitegi Nazionalaren jokabidea argia da: inkomunikazioa eta tortura behar beharrezkoak dituzte nork bere burua erruduntzat jotzeko deklarazioak edo besteen aurkako deklarazioak lortu eta gazteak espetxeratzeko.

Gaur egun nahikoa zaie inkomunikazio eta torturapean egindako deklarazio bat norbait atxilotzeko.

Gaur hemen aurkitzen diren gazteak ere, antzeko egoera bizi dute: euren izena galdeketa polizialetan ageri denez, edozein unetan atxilotuak izateko, inkomunikatuak izateko eta torturaren infernu berberetik igarotzeko arriskuan daude. Ez dute ezer gordetzerik, euren jarduera agerikoa eta ezaguna da, bai herrian, gaztetxean, ikastetxean... Baina Madrilgo epaileek ez dute horren berri izan nahi. ez dituzte entzun nahi. Nahiago dute Polizia edo Guardia Zibilaren bidez atxilotu, inkomunikatu eta euren gustuko deklarazioak lortu.

Abokatu garen aldetik, egoera hau salatu nahi dugu, gazte hauek bizi duten arriskuaz ohartarazi nahi dugu gizartea.

Auzitegi Nazionalak salbuespen epaitegi gisa bidegabeki aplikatzen dituen neurri guzti hauen legezkotasun eza salatu nahi dugu. Zigorgabetasun espazioak zabaltzen ari dira, tortura erabiliz, gazteen kontrako frogak lortzeko, eta denak balio du. Defentsarako tresna eta baliabideak ixten ari dira. Ez dago inolako bermerik oinarrizkoenak diren eskubideak ere errespetatuak izan daitezen.

Honen aurrean oro har gizarteari baina bereziki zuzenbidearen alorrean lanean diharduten guztiei dei egin nahi diegu, oinarrizko eskubide urraketa hauek salatzen jarraitzeko eta behingoz tortura ahalbidetzen duen inkomunikazioa amai dadin lanean jarraitzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun