Leioako Txorierri auzoko 20 urteko gazte bat hil eta beste bi zauritu ziren atzo Erandion izandako istripu batean.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 16:40ak aldera gertatu zen, Avanzadako Getxorako norabidean. Une horretan, errepidea bustita zegoen baina oraindik Ertzaintza ikertzen ari da istripuaren arrazoiak zeintzuk izan ziren. Dena dela, Seat Cordoba modeloko auto grisa bidetik irten zen eta, horren ondorioz, kotxeak murru baten aurka talka egin zuen. Kolpearen txarrena J.A.D.A. gidariak eraman zuen, jazotako zaurien eraginez hil zena. Beste bi bidaiariak, X.G.P. 19 urtekoa, eta C.C.R. 21ekoa, Gurutzetako ospitalera eraman zituzten DYA elkarteko anbulantziek. C.C.R.-k zauri larriak ditu eta besteak, arinak. Biak dira leioaztarrak eta hildako gaztearen lagunak ziren. Avanzadako errail bat moztuta gelditu zen 18:45era arte.