Sopelako Udalak haur eskolan izena emateko epe berria zabaldu du, martxoaren 1ean hasiko den ikasturteari begira. Horrela, euren haurren izenak eman nahi dituzten familiek, datorren astelehenetik (urtarrilak 18) hilaren 29ra arte izango dute aukera berria. Deialdi horren izen-emate tramite guztiak Sopelako Udalak hartuko ditu bere gain. Hutsik dauden aulkiak, azaroan zehar eginiko lehen deialditik datoz, zehaztu dutenez. Bestalde, haur eskolan onartzen dituzten neska-mutilen behin-behineko zerrenda otsailaren 16an plazaratuko dute eta, lehenengo deialdian bezala, erreklamazioak egin ahal izateko epea zabalduko da, otsailaren 25ean behin-betiko zerrenda argitara eman arte. Bere osotasunean, urte batetik azpiko 32 haur eta urte bat eta bi arteko 52 umerentzako tokia du zentroak, D hizkuntz ereduan guztiak. Haur eskola hartzen duen eraikina Antzar Portu kalean dago, Zaldu sektorean. Solairu bakarra du eta bere azalera osoa 764 metro koadrokoa da, zortzi gelatan banatuta. Horietako lau daude 0 eta 1 urte arteko haurrei zuzenduta eta beste lauak 1 eta 2 urte bitartekoentzat. Gainera, jolasetarako eremua, komun-aldagela, erabilera anitzerako zonaldea, biltegia eta administrazio gunea dauzka. Argazkian, Sopelako haur eskola eraikitzeko lanak / © Sopelana.net.