Udalerrian ekonomia jarduerak sustatzeko, Erandioko EAJren konpromisoa "eskasa" dela kritikatu du Javier Ruiz tokiko popularren bozeramaileak. Bere ustez, horri eman beharko lioke "lehentasuna" Udalak, "bizitzen ari garen krisialdi garaian egonda". Abenduan onartutako aurrekontuetan, ekonomiaren sustapenera bideratutako diru kopuruari "huskeria" deritzo PPk. Bitartean, Ruizek emandako datuen arabera, 1.500 erandioztar daude INEM enplegu erakundean izena emanda; "Euskal Autonomi Erkidegoko, Bizkaiko eta eskualdeko bataz bestekoen gainetik", gaineratu duenez. "Gobernu Taldeak emandako azken datuaren arabera, 38 auzokide baino ez dira lanean hasi udal zerbitzuen bidez, horretara 3 milioi euro inguru bideratzen diren bitartean", adierazi du PPko zinegotziak. Halaber, beste administrazio publikoen diru-laguntzak erakartzeko "gaitasunik eza" egotzi dio Erandioko EAJri Ruizek; baita "dagoeneko udal plangintzan zehaztuta dauden industria lurzoruak garatzeko" ere; Talleres Deusto zegoen tokian industrialdea egiteko pausuak, besteak beste. Argazkian, hainbat auzokide Erandioko metro geltoki inguruan / © Erandio.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!