Gabonak duela egun gutxi atzean utzi ditugun arren, dagoeneko inauteriak prestatzen dabil Erandioko Udala. 2010eko aratusteen irudia izango den kartela aukeratzeko, lehiaketa deitu dute kultur arduradunek. Hain zuzen ere, urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik lanak aurkezteko epea. Kartelak Astrabuduako Udal Bulegora (Mezo kalea, 20) edo udaletxeko Kultura Sailera (Irailaren 23a plaza) eraman beharko dira. Ordutegia, berriz, 9:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da. Irabazleak 800 euroko saria jasoko du. Kultur iturriek zehaztu dutenez, nahi duen guztiak parte hartu ahal izango du lehiaketan. Hori bai, ezin izango da aurkeztu beste lehiaketaren batean saritua izan den lanik, ezta lehiaketa honen aurreko edizioren baten aurkeztutakorik ere. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez ere, bi kartel aurkeztu ahal izango ditu. Argazkian, 2009an saritutako kartela.