Areetako Andres Isasi Musika Eskolak bigarren urtez antolatu du “Neguko bidaia” izenburuko kontzertu-hitzaldien zikloa. Musika emanaldiek ordu beteko iraupena izango dute. Saio bakoitzaren hasieran hitzaurrea eta, ondoren, mintzaldia izango dira. Azken horretan, entzuleek euren iritziak eman edo galderak eginez parte hartuahal izango dute. Ekimenaren koordinatzaile Mario Clavell irakasleak zehaztu duenez, lehenengo kontzertua urtarrilaren 15ean izango da Angel Unzu gitarra jolearen eskutik. Hilaren 22an, txirulak eta pianoak osatutako SustraiArt bikotea arituko da, eta urtarrilaren 29an Elisa Belmontek kantu eta piano emanaldia eskainiko du. Otsailaren 5ean Nakara laukotearen txanda izango da eta 12an Quiroga harizko laukoteak amaiera emango dio zikloari. Emanaldi guztiak Andres Isasi musika eskolako auditoriumean izango dira, 19:15ean hasita, eta sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da. Iaz hiru kontzertu izan ziren eta 250 bat lagunek hartu zuten parte emanaldi bakoitzean, udal iturriek nabarmendu dutenez. Argazkian, Clavellekin batera (eskuinean), Josu Loroño Andres Isasi Musika Eskolako presidenteak ere parte hartu du gaurko prentsaurrekoan / © Getxo.net.