Unai Saiz eta Juan Angel Lamelas leioaztarrak eta Endika Intxausti eta Patxi Bilbao algortarrak sailkatu ziren
Euskal Herriko Mus Txapelketaren Leioako kanporaketan. Hamabi bikotek hartu zuten parte larunbatean Ganeko tabernan egindako saioan eta Saizen arabera, "maila altua erakutsi" zuten bertakoek. Dena den, onartu zuenez, "oraindik gogorragoa" izango da Durangon jokatuko den Bizkaiko finaleko lehia. Endika Intxaustiren aburuz, "okerrena da bertan lau erregeetara jolastu beharra, jokoa zeharo aldatzen baita". Intxaustik badu horretan eskarmentua. Izan ere, Euskal Herriko bosgarren gelditu zen aurreko txapelketan. Bizkaiko kanporaketa otsailaren zehar izango da eta txapelketaren finala, berriz, Seguran izango da, martxoaren 20an. Bitartean, baina, eskualdean beste kanporaketa batzuk izango dira. Esate baterako, Berangoko sailkapen partida larunbat honetan izango da, hilak 16, Sei Herri herriko tabernan, arratsaldeko 4:30ean. Bestalde, Sopelan eta Urdulizen ere kanporaketak burutuko dituzte, baina antolatzaileek ez dute zehaztu oraindik bertako proben deialdiak. Argazkian, ezkerretik eskumara jesarrita, Endika Intxausti, Unai Saiz eta Patxi Bilbao.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.