Sopelako herritarrak Sekeko gaztetxera hurbiltzera gonbidatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko urt. 12a, 20:11

Azken egunetan lan eta lan ibili dira Gazte Asanblada Sopeloztarreko lagunak Sekeko gaztetxea atontzen. Besteak beste, kanpoko aterpea bota egin dute eta berri bat eraikitzen ari dira. "Leku zabala izango da hau, oso aproposa ekintza jendetsuak burutzeko, adibidez", adierazi dutenez. Gainera errekaren parean baranda bat jartzen dabiltza bidea ziurragoa izateko, eta kanpoaldera ematen duen etxearen pareta zuritzen hasi dira itxura txukuna izan dezan. Horrekin batera, gazte asanbladako kideek auzokideekin harreman zuzena mantendu dute eta informazioa banatu diete, "egon diren zurrumurruak argitu eta bizilagunak zuzenean informatuak egon daitezen", Sopela.net agerkari digitalak argitu duenez. Gazteek argi adierazi dute haien nahia auzoan elkarbizitza egokia izatea dela. Azkenik, “Gurea eta denontzat delako!” lelopean, herriko gazte eta hain gazte ez diren guztiei gaztetxeraino gerturatzeko eta ezagutzeko gonbitea luzatu die Gazte Asanblada Sopeloztarrak. "Guztiona den esparru honetan parte hartzea da azken helburua, leku bizia eta dinamikoa izateko", nabarmendu dutenez. Argazkian, abenduaren bukaeran okupatu zuten Lizarre auzoko (metro geltokiaren atzekaldean) Sekeko errota / © Gazte Asanblada Sopeloztarra.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun