Maidagan kaleko zati bat eta Zientoetxeko errepidea (BI-3722 bide zaharra), Benta eta Aizkorriko hondartzaren arteko zatian, hiribide gisa egokitzeko obrak urtarrilaren erdialdera hasiko dira,
Getxoko Udalak lan horiek esleitu baitzituen abenduaren erdialdean, 1.300.000 euro ingurutan. Tokiko erakundearen eskumenekoa den 2,3 kilometroko errepidearen zati hori hiribide izango da bere osotasunean, udal iturriek zehaztu dutenez. Egitasmoak asfaltatze berria egin, oinezkoen pasabide goratuak ipini eta 2 kilometroko bidegorria egokitzea aurreikusten du. Lan horiek amaitzeko 6 hilabeteko epea jarri dute, eta Santa Marina eta Gabriel Ramos Uranga kaleen arteko bidegurutzean dagoeneko egiten ari diren errotondarekin batera, zirkulazioa moteltzen eta bide horretako segurtasuna areagotzen lagunduko dute. Aipatu errepidea zaharberritzeaz gain, proiektu berean jasotako lanen zati batek, metroko trenbidea eta Mirua kalearen artean, ur lohien eta euri saneamendu sarea jartzea aurreikusten du. Lan guztiak batera egingo dira. Horri esker, euri jasak gertatzen direnean urak gainezka egitea saihestuko da. Argazkian, Bentan hasi eta Azkorriko hondartzan amaituko dira lanak.