Imanol Landaren hitzetan, “krisiaren eraginez udalerriko auzotar askotxok bizi duten egoera latzarekin arduratuta gaude, eta enplegu politikak Udalaren eskuduntza ez diren arren —Eusko Jaurlaritzarenak baizik—, ezin gaitezke besoak antxumatuta gabe geratu”. Getxon langabezia tasa %10,8koa da, "Euskal Autonomia Erkidegoko tasa baino bi puntu gutxiago eta Bizkaiko lurralde historikoarena baino hiru puntu beherago", alkateak dioenez (mp3). “Problematika honi aurre egiteko”, adierazi zuen Landak, “iaz Getxon Ekonomia Sustatzeko eta Dinamizatzeko Aparteko Plana abiatu genuen eta 2010ean ere jarraipena izango du —milioi bat euroko aurrekontuarekin—. Egitasmoa Udaletik, eta Getxolanen bitartez, langabeziaren aurka abiatutako politikekin bat egiten du, ekonomiaren beheraldi latz hau arindu aldera", gaineratu dutenez. Jakin badakigu oraindik asko daukagula egiteko baina gure konpromisoa aktiboa eta irmoa da eta halaxe jarraituko du izaten 2010ean ere”. Alkateak gaineratu zuen (mp3) apustu hori "adierazpen huts bat baino gehiago" dela, "izen-abizenak dituelako: Biscaytik teknologia zentroa Bake Ederren, enpresen elkartegia antzinako Areetako merkatuan, Lantegi Batuen digitalizazio zentroa Getxon, laster zabalduko den merkataritza dinamizatzeko plataforma publiko-pribatua, Getxo Antzoki berria edo Romoko Kultur Etxe berria". “Getxon lana eta aberastasuna sortzeko azken hamarkadetan egindako inbertsio ekonomikorik handiena da”, alkatearen hitzetan.
Zenbakiak
Ekonomiaren Sustapenerako zinegotzi Aitor Soloetak azaldu duenez, 114 enpresek aurkeztu dute 158 lanpostu berri diruz laguntzeko eskaria. "Eskaerak aztertu ondoren, horietatik 66k Getxon langabezian dauden 98 pertsonen kontratazioa subentzionatzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu du Udalak", tokiko arduradunaren hitzetan. "Deialdiari zuzendutako aurrekontua kontuan harturik eta eskaerak aurkezteko ordena errespetatzeko irizpide nagusia izanik", 58 enpresei eman diete diru laguntza, 83 lagun kontratatu ditzaten. Onartutako gainontzeko 8 eskaerak itxarote zerrendan geratu dira.
Enpresa gehienek (%84) diru laguntza lanpostu bakar bat kontratatzeko eskatu dute. Halere, aldi baterako lanpostu batzuk kontratatzeko eskaerarik ere izan da (enpresa batek 10 lagun kontratatzeko eskaera egin du; 2 enpresek 4 pertsona kontratatu nahi dituzte; beste bik 3 pertsona eta 6 enpresek beste bi lagun). Langabeziaren ondorioak areago jasaten duten kolektiboei laguntzeko asmoz, deialdi honetan gehigarrizko hobaria aurreikusten zen emakumezkoak eta 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko. Neurri horri erantzuteko, subentzionatuko dituzten kontratuen %64 (53) aipatu bi kolektibo horietako pertsonentzat izango dira.
Kontratuen iraupenari dagokionez, %95ak gutxienez 6 hilabeteko iraupeneko kontratua edukiko du. Halaber, kontratatutako %80ak jardunaldi osoan egingo du lan eta 16 pertsonak lanaldi partziala egingo dute, gutxienez jardunaldiaren %50. Soloetak adierazi zuenez, 23 kontratu merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorean gauzatuko dira; 26 profesionalen eta enpresa zerbitzutan; 24 jarduera eta zerbitzutan; 5 eraikuntzan; 4 garraioan eta 1 industriaren alorrean. Enpresek diru-laguntzaren %70 jasoko dute kontratua egin eta gero eta gainontzeko %30a kontratua amaitutakoan, horren egiaztagiria aurkeztu ondoren.
Ikusi prentsaurrekoaren bideoa: