Getxoko Udalak banakako 4.372 diru-laguntza eman ditu, guztira 249.700 euro banatuz, familia getxoztarrei 2009-2010 ikasturtean beren seme-alaba txikien hezkuntzako gastuetan lagundu ahal izateko. Imanol Landa alkateak iragarri du ekimen horrek jarraipena izango duela datorren ikasturteari begira. "Murgilduta gauden krisialdian eta, askotan, familiek euren seme-alaben hezkuntza-prozesuan sortzen diren gastuei aurre egiteko dituzten arazoen ardura hartuta, aurtengo udal aurrekontuetan diru-partida berri bat aurreikusi dugu, helburu berberarekin, 2010-2011 ikasturteari begira familiei diru-laguntza zuzen horiek berriro eman ahal izateko", adierazi du tokiko agintariak. Aurkeztu ziren eskaerak 4.840 izan ziren. Guztira, 4.372 onartu zituzten eta 468 bertan behera utzi (27 epez kanpo aurkeztu zirelako eta 441k deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez zituztelako). 1.067 eskaera Haur Hezkuntzako ikasleentzat izan ziren, 2.180 Lehenengo Hezkuntzako ikasleentzat eta 1.125 Bigarren Hezkuntzakoentzat. Argazkian, hainbat neska-mutil haur-eskolan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!