Sopelako
Munarrikolanda Mendi Taldeak ibilaldia eta indaba jana antolatu ditu igande honetarako, urtarrilak 17, klubaren eguna ospatzeko. Mendizaleak Elorriotik abiatuko dira, Besaidera igotzeko. Bertan egiten dute bat Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak. Halaber, hildako mendizaleen omenezko monumentua ere dago bertan. Bertatik igoko dira Tellamendira, Zabalandira arte jaisteko ondoren. Jaitsiera, berriz, Anbotoko hego partetik egingo dute, Pol-Poleko iturritik igaroaz eta Atxartera arte jaisteko. Mendiola auzoan amaituko da ibilaldia. Tokiko jatetxe batean egingo da indaba jana eta klubeko bazkideentzako sari banaketa egingo da bazkaria bukatuta. Goizeko 8etan abiatuko da autobusa Sopelako San Pedro elizaren ondoan dagoen autobus geltokitik. Algortatik 8:10ean igaroko da, Getxo I institutu ondoan dagoen autobus geltokitik. Joan nahi dutenek 30 euroko ordainsaria izango dute bazkideak badira eta 35 eurokoa bazkideak ez badira. Txangoaren xehetasun eta baldintza guztiak jakin nahi dituztenek 696 731 662 telefono zenbakira dei dezakete bihar, osteguna, 20:00etatik 21:30era. Argazkian, Munarrikolandako mendizaleek Autzara (Nafarroa) egindako irteera.