Ertzaintzak 54 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo gauean Getxon, aurretik autoa kontrako norabidean gidatu eta ertzain bat harrapatzen saiatu izana leporatuta.
Herrizaingo Sailak zabaldu duenaren arabera, 21:15ak aldera, turismo batek Algortako etorbideko kontrako erraila okupatu zuen argiak amatatuta zituela. Horren eraginez, beste gidari bat errepidetik atera eta espaloira igo behar izan zen, talka ekiditeko. Bertsio ofizialarekin jarraituz, turismoko gidariak ez zuen autoa gelditu eta aurrera jo zuen. Galtzadatik irten zen kotxeak, berriz, turismoa jarraitzeari ekin eta Ertzaintzari deitu zion izandako istripuaren berri emateko. Orduan, Ertzaintzaren hainbat patruila-autok ustezko arau-hauslea jazartzeari ekin zioten, udalerrian zehar. Gidariaren altuerara heldu zirenean autoa gelditzeko agindu ei zioten baina berak ez zuen aintzat hartu eta lasterkan jarraitu zuen, "era ausartegian gidatuz". Azkenean, autoa Getxoko parking batean geldiarazi zuten.