Ostegun honetan, urtarrilak 14, 120 kilometro orduko haize boladak egon daitezkeela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak. Eragin handiagoa izango dute horiek kostaldetik hurbil, gaineratu dutenez.
Euskalmet Euskal Meteorologia Zerbitzuaren iragarpenen arabera, goizean etorritako denboraleak sortu ditu haize ufadak; arratsaldean galduko du indarra. Herrizaingo Sailak alerta laranja eman du. Gauzak horrela, hainbat gomendio luzatu dizkie herritarrei: pertsianak, leihoak eta leiho-ateak itxi eta finkatzea gomendatu du; baita loreontziak, eguzki oihalak, eta haizeak eraman ditzakeen bestelako objektuak kentzeko ere. Kalean, berriz, jausteko arriskuan dauden erlaitz, harresi eta zuhaitzetatik urruntzeko eskatu die herritarrei. Eta bereziki obretan edo egoera txarrean dauden eraikinetatik gertu kontu ibiltzeko. Bitartean, ibilgailuak arduraz erabili eta abiadura moteltzea eskatu du, kostaldeko bideak, zubiak eta gune arriskutsuak ekidinez. Itsasontziei dagokienez, ahal bada horiek ez erabiltzea eta amarrak gainbegiratzea gomendatu dute Jaurlaritzako arduradunek; eta inola ere ur kirolik egitea. Istripurik izatekotan, 112 SOS Deiak-era deitu behar da. Argazkian, joan den urtarrilaren 24ko zikloiak hainbat ontzi hondoratu zituen.