Matematiken 46. Olinpiadako lehenengo fasea, eskualde mailakoa, jokatuko da ostiral honetan, urtarrilak 15, EHUko Leioa eta Erandioko campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultateko 1P13SG ikasgelan, goizeko 9:30etik aurrera. Lehiaketa Espainiako Matematika Elkarteak antolatzen du, eta lehen fase honetan, 2009-2010 ikasturtean Batxilergoan matrikulaturik dauden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasle guztiek parte har dezakete. Guztira, 50 neska-mutil lehiatuko dira oraingo honetan, EHUko iturrien arabera. Fase honetan lehiakideek hiru problema ebatzi beharko dituzte goizean (9:30etik aurrera) eta beste hiru arratsaldean (15:00etatik aurrera). Saio bakoitzean hiru ordu izango dituzte hiru problemak ebazteko. Probak euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke, eta idazteko eta marrazteko tresnak baino ezin dira erabili, hau da, kalkulagailuak, liburuak, taulak eta bestelako dokumentuak debekatuta daude. Argazkia: cc-by *Irish.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!