Arkaitz Goikoetxea, Iñigo Gutierrez, Aitor Cotano, Aitor Artetxe, Asier Borrero eta beste zortzi lagun auziperatzeko autoa plazaratu du gaur Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Garikoitz Aspiazu "Txeroki", Jurdan Martitegi eta Aitzol Iriondorekin batera auziperatu ditu uribekostarrak magistratuak, 2007 eta 2008 urte bitarteetan zortzi atentatu egitea leporatuta. Otsailaren 8an hartuko die deklarazioa guztiei Garzonek. Guardia Zibilaren Durangoko, Calahorrako (Errioxa, Espainia) eta Legutioko polizia-etxeen aurkako atentatuak egotzi dizkiete, besteak beste. Azken horretan Juan Manuel Piñuel guardia zibila hil zen. Halaber, Getxoko Itsas Klubaren, Zarauzko Ertzaintzaren komisariaren, Getxoko Justizia Jauregiaren eta PSE-EEren Balmasedako eta Derioko (Bizkaia) egoitzen aurka egindako atentatuak ere leporatu dizkie epaileak; baita PSE-EEko Eibarreko zinegotzi baten bahiketa eta Fernando Grande-Marlaska epailearen aurkako atentatu saiakerak ere. Garzonen arabera, eurena litzateke Getxon auzokide batek urtarrilaren 31n lehergaiz beteta aurkitu zuen garagardo kupelaren ardura. Egun, preso daude aipatu Algorta eta Getxoko bost gazteak. Argazkian, burua estalitako hainbat ertzain Abrako Errege Itsas Klub inguruak miatzen, atentatua gertatu eta egun batera.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!