Astrabudua eta Erandioko PSE-EEren gazteriek "lehenengo afiliatze kanpaina" jarri du martxan. Tokiko JSE-Egaz erakundeko kideek
taldeko blogean adierazi dutenez, esku-orria sortu eta kalean banatzeari zein hainbat tokitan uzteari ekin diote. Udalerriko gazteen artean JSE-Egazen afiliazioa sustatzeko Pablo Nerudaren olerki bat eta espainol hutsez idatzitako testu laburra erabili dute. Idazkian, "justizia, berdintasuna, elkartasuna, askatasuna, garapenerako lankidetza, ingurumenaren defentsa, errespetua eta elkarbizitza bezalako baloreengandik" abiatu eta "gure auzoa hobetzeko gure harri koxkorra ekartzeko" asmoa dutela aldarrikatu dute. Udalerriko gazteria sozialistak pasa den azaroaren 20an jarri zituzten martxan berriro, Erandion hainbat urtez desantolatuta egon ondoren. Argazkian, Altzagako herriko etxean batzen da Erandioko JSE-Egaz taldea.