Gaur, ostirala, bete dira 28 urte
Jon Bilbao Moro Asuako herritarra preso sartu zutela. 54 urte ditu. Beraz, bizitza erdia baino gehiago eman du kartzelan. "1982ko urtarrilaren 15ean atxilotu, 9 egunez inkomunikatu eta torturatu, eta espetxeratu egin zuten. 28 urte luze hauetan zenbatezinak dira ezagutu dituen espetxeak eta zenbatezinak bere etxeko eta lagunek egin dituzten kilometroak", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Gaur egun, Herrialde Katalanetan, Alacanteko Fontcalent espetxean daukate, Erandiotik 800 kilometro ingurura. 2002tik kalean egon behar luke. Gauzak horrela, igande honetan, urtarrilak 17, euskal preso politikoei ezartzen ari zaizkien bizi osorako espetxe zigorraren aurkako ekitaldia izango da Astrabuduan; 13:00etan, Josu Murueta plazan. Egunotan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) daraman borrokaldiaren aldarrikapen zehatz bat dauka: "dagoeneko espetxe zigorra beteta dutenak kalera!". Argazkian, iaz Jon Bilbao Moro eta bere senideak omendu zituzten Astrabuduan.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.