Turismoa erakartzeko eta bere bisitariei kalitatezko zerbitzua emateko helburuz, aurrekontuan horretara bideratutako diru-partida hirukoiztu du azken bost urtetan
Sopelako Udalak. Horrela, 2004ko ekainetik aurrera, Turismo Bulegoak udaletxeko beheko solairuan ateak ireki zitueneko 167.000 euroetatik 2009ko 439.000 euroetara pasa dira, tokiko iturriek nabarmendu dutenez. Kopuru horri gehitu behar zaio Larrabasterran eta Sopela erdigunean "turismo puntuak" egokitu eta jartzeko inbertitutako 100.000 euroak. Sopelako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek aurkeztu dute gaur, ostirala, Sopelako Turismo Bulegoaren azken 5 urteotako jardueraren balantzea, Kurtzio Kultur Etxean. Josu Landaluze alkateordeak adierazi duenez, Udalaren apustu estrategiko hori “hutsetik jaio zen ia, eta berritzearekin dugun konpromisoaren adierazle da, turismoan erantsia”. Gaur egun, Sopelako udaletxe ondoan kokatuta dagoen Informazio puntuaz gain, 2005etik Larrabasterran ere badago turismo bulegoa, hondartzerako sarbide naturalaren parean. Gainera, urtetik urtera, geroz eta kontsulta gehiago jasotzen ditu, aipatu dutenez. Bisitari horien intereseko gaiak dira: ostatua, jatetxeak, ibilbideak edo hondartzak; Uribe Kosta, Bizkaia edota autonomi erkidegokoak orokorrean. Argazkian, udal zein foru arduradunak gaurko aurkezpenean / © Joseba Zubiaur - Sopelako Udala.