Algortako Gazte Asanbladak deituta, bihar, larunbatarekin, "Kalea herriarena da!" jaialdia egingo dute Getxoko
Txorimalo gaztetxean. AGAk zabaldu duenez, gaueko 9etik aurrera, Elorrioko
Namek Planet eta Garrasika taldeek joko dute kontzertuan. Sarrera hiru eurotan hartu ahal izango da gaztetxearen sarreran bertan eta bilduko den dirua Getxoko Udalak jarritako isunak ordaintzeko baliatuko dute. Izan ere, gazteek gogoratu dutenez, udal baimenik gabe kalean ekimenak antolatzeagatik tokiko administrazioak bi isun jarri dizkie gazte asanbladako kideei. Horrela, Txorimalo gaztetxearen III. urteurrenaren harira iazko apirilaren 17an Algortako Txiki eta Otaegi plazan
umeentzako puzgarri eta tailerrak jartzeagatik 300 euroko zigorra jarri zien Imanol Landa jelkideak zuzentzen duen Udal Gobernuak. Kopuru bereko beste isun bat ezarri zieten pasa den urriaren 31n, leku berean 500 lagun baino gehiago batu zituen 10. Indabada egiteagatik. Argazkian, hainbat neska-mutil AGAko kideek apirilean jarritako puzgarriren batean jolasten.