Getxoko Udalak ezgaituak diren umeentzako jolasgune berria egokitu du Areetako Eskoletako plazan, Getxo udalerrian ezaugarri horiek dituen lehenengoa. Gainera, tokiko arduradunen arabera, "Euskadiko udalerrien artean, Getxo da era honetako jokoak ipintzen duen lehenetakoa". Zabu eremu berri honetan jolasen garaiera eta azalera egokitu dituzte elbarriak diren neska eta mutikoen olgeta erraztu aldera, gurpil-aulkiak asko hurbil daitezkeelako eta eskubandak eta heldulekuak dituztelako maila desberdinetan. Ipinitako elementu berriek –hiru dorre, sare bat eta bi zabuko multzoa–, pertsona ezgaituak sartzeko pasabide egokituak dituzte, eta arlo horretan indarrean dagoen Europako araudia betetzen dute. Horretaz gain, jolasgunean kautxuzko zoladura berri jarraitua ipini dute, koloretakoa, eta, hortaz, zabu horiek segurtasun neurri egokiekin hornitu dira. Jolas eremu berri horren balioa, zabuen eta zoladura ipintzeko lanak barne daudela, 62.000 eurotik gorakoa da. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia, Juan Carlos Sola FEKOOR-Urritasun fisikoa duten pertsonen Bizkaiko Federazio koordinatzailearen zuzendaria eta Imanol Landa alkatea, gaur goizean emandako prentsaurrekoan.